Irungo mugan dauden errefuxiatuen egoera ezagutzeko irteera antolatu du Elkar-ekinek urriaren 23rako

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko urr. 8a, 12:32

Irungo Harrera sareko kideak lagun izango dituzte ibilaldian zehar, eta errefuxiatuei harrera nola egiten zaien ezagutuko dute, besteak beste, txango horretan. Aurrez izena eman behar da Elkar-ekinekoekin hitz eginda edo elkar_ekin@hotmail.com helbide elektronikora mezu bat bidalita.

Irungo mugan dauden errefuxiatuen egoera ezagutzeko irteera antolatu dugu urriaren 23rako. Herrian zehar bira bat egingo dugu eta errefuxiatuei harrera nola egiten zaien ezagutuko dugu, harrera horretan Irunen esanguratsuak diren lekuak eta zerbitzuak ezagutzearekin batera.

Irungo Harrera Sareko kideak arduratuko dira bertaratzen garen herritarroi azalpenak emateaz, eta helburu bikoitza izango du ibilaldiak: batetik, pertsona errefuxiatuen egoera eta dituzten arazoak bertatik bertara ezagutzea; eta bestetik, Harrera Sareko kideek elkartasuna nola antolatzen duten ezagutzea.

Azpeitiko anbulatorioaren aurretik 08:30ean aterako da autobusa. 10:00etan Irungo Harrera Sareko kideekin elkartuko gara, eta birari ekingo diogu. 13:30 aldera Irunen bertan bazkalduko dugu, eta 16:00 aldera etorriko gara bueltan.

Autobusa dohainik izango da. Bazkaria hamabost euro kostatuko da, baina ikasleentzat, langabeentzat edo ordaintzeko arazoak dituztenentzat dohainik izango da hori ere.

Izena emateko, hitz egin Elkar-ekineko kide batekin edo idatzi mezu bat elkar_ekin@hotmail.com helbide elektronikora.