Soreasuko Elkargunean lan txandak egiteko laguntza eskatu du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko ira. 7a, 20:03

Elkargunearen inguruan dagoen elkartasun sarea sendotzea izango da taldearen aurtengo helburuetako bat.

Sei urte bete dira Elkargunearen proiektua martxan jarri genuenetik, eta herritarron erantzuna bikaina izan da gaur arte: Elkargunean mugimendu polita dago, eta une honetan 60 lagun baino gehiago aritzen txandak egiten, edo egunerokoan laguntzen. Ikasturtea hastearekin batera zortzi talde berri animatu dira txandak egitera, baina datorren asteartea bitarte izena emateko aukera irekita egongo da.

Zer suposatzen du lan txandetan izena emateak?

- Urtean lau orduko lau edo bost lan txanda (ostiral edo larunbatetan) egiteko prest dagoen jendea behar dugu.

-  Egokiena hiruko taldeak osatzea litzateke, eta urtean zehar talde horiek mantentzea. Norbait banaka apuntatuko balitz, guk sartuko genuke talderen batean.

-  Lan txanden egutegia denborarekin pasatu ohi zaie talde guztiei, baina txandak egunez aldatzeko aukera ere egoten da.

-  Hasiera batean, lantaldeek norbaiten laguntza izango dute, baina ondoren talde bakoitza autonomiaz aritzea da helburua. Egin beharrekoak ez du inolako zailtasunik.

-  Norbait animatuko balitz edo argipenik beharko balu, jo lasai Elkar-ekineko kideongana edo idatzi mezu bat helbide honetara: elkar_ekin@hotmail.com.