Irunen dauden errefuxiatuen egoeraz solasaldia eta manifestaziora joateko autobusa antolatu ditu Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko mai. 20a, 10:54

Irungo Harrera Sareko kide batek eta Azpeitian bizi den errefuxiatu batek hitzaldia eskainiko dute datorren ostegunean, Basazabal jauregian. Gainera, Irungo Harrera Sareak eta beste hainbat kolektibok hilaren 29rako, larunbata, antolatu duten manifestaziora joateko gonbidapena egin die taldeak herritarrei.

Frantziako eta Espainiako estatuen arteko muga pasabide zaila da Afrikatik datozen eta Europan barrena mugitu nahi duten errefuxiatuentzat. Azken urteetan, milaka izan dira bertan blokeatuta gelditu diren pertsonak: mugikortasunerako eskubidea ukatuta eta poliziak jazarrita.

Osasun krisiaren ondorioz, migrazio mugimenduak murriztu egin diren arren, asko dira Irun inguruan noraezean dauden pertsona errefuxiatuak. Datozen hilabeteetan, osasun krisiak gainditzera egiten badu, askoz migratzaile gehiago hurbilduko direla aurreikusi dezakegu.

Egungo egoeraz eta etor daitekeenaz hitz egiteko, datorren ostegunean, hilak 27, gurean izango dira Irungo Harrera Sareko Ion Aranguren eta Mamadou Barry Azpeitian bizi den errefuxiatu ginearra. 18:30ean izango da solasaldia, Basazabal jauregian..

Halaber, bat egiten dugu maiatzaren 29an, larunbatez, Irungo Harrera Sareak deitu duen manifestazioarekin. Bertan, pertsona errefuxiatuen aurkako jazarpenarekin amaitzea aldarrikatuko dugu. Azpeititik Irunera joan-etorria egiteko autobusa antolatu dugu; doan izango da, eta 15:30ean aterako da anbulatorioaren aurretik. Autobuserako, baina, aurrez izena eman beharko da Elkargunera joanda, elkar_ekin@hotmail.com helbidera idatzita edo 644 961 606 telefono zenbakira deituta.