Palestinarekiko elkartasunez larunbat arratsalderako elkarretaratzea deitu du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko mai. 12a, 15:03

Datozen egunotan Euskal Herrian eta munduan izango diren mobilizazioekin bat eginez antolatu du elkarretaratzea taldeak. Kontzentrazioa 18:30ean izango da, plazan. 

Hamarkadetan luzatu da Israelgo estatuak palestinar herriaren aurka ezarritako okupazio eta zapalkuntza egoera. Palestinar lurrak beraienak egiteko helburuarekin, milaka herritar hil eta milioika lagun beraien etxeak uztera behartuak izan dira, urte hauetan guztietan. Okupazio militarrak, harresiak, kontrolak, asentamentu kolonoak, atxiloketak eta hilketak eguneroko albiste dira Palestinan, gehiegitan ahaztu ohi zaigun arren; izan ere, egunotan ikusten ari garen irudiak etenik ez duen okupazio honen jarraipena baino ez dira.

Oraingoan, Zisjordaniako Sheij Jarrah auzotik familia palestinarrak kanporatzeari ekin die Israelgo Polizia eta kolonoak, horrek palestinarren erantzuna ekarri duelarik. Israelek, beste behin, bere botere militar guztia jarri du palestinarren aurka, dozenaka herritar erailez, eta palestinarren etxebizitzak eta eraikuntzak deuseztatuz.

Nazioarteko komunitatearen konplizitatea beharrezkoa du Israelek inpunitate honekin aritzeko. Gutxi dira munduan egoera honi irtenbide justu bat emateko konpromisoa duten estatuak. Gauzak honela, herritarrak ezin gara eskuak gurutzatutik gelditu: albistegietan eta sare sozialetan bonbardaketak ikusi eta haserretzearekin bakarrik ez dugu ezer lortuko.

Egunotan, Euskal Herrian eta munduko herrialde askotan egiten ari diren mobilizazioekin bat egin nahi dugu Elkar-ekinetik. Horretarako, larunbat honetan, 18:30ean Azpeitiko plazan egingo dugun elkarretaratzera deitzen ditugu herritarrak. Bertan, palestinar herriarentzat askatasuna eta bakea aldarrikatu ditugu.

Aski da! Okupazioarekin amaitu. Palestina aurrera.