"Euskal Herria ez dago galera ekologikoaren arduretatik salbu"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko ots. 18a, 08:32

Herritar asko elkartu ziren atzo Iñaki Petxarroman kazetariak Sanagustinen eskaini zuen hitzaldian. Besteak beste, pandemiaz, klima aldaketaz nahiz galera ekologikoaz aritu zen solasean, Elkar-ekinek antolatutako saioan.

Pandemia, aldaketa klimatikoa eta galera ekologikoa izenburupean Elkar-ekinek antolaturiko hitzaldia egin zen atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean. Herritar ugari joan zen hara Iñaki Petxarroman kazetariak eskaini zuen saioa entzutera. Hark aurkezlearen galderei erantzunez, gai asko ukitu zituen.

Zoonosia zer den azalduz ekin zien bere azalpenei hark, eta animalietatik gizakietara igarotzen diren birusek eta gaixotasunek galera ekologikoarekin lotura argia dutela defendatu zuen. Adituen arabera, etorkizuneko birusak arriskutsuagoak izan daitezkeela ohartarazi zuen, gainera. Pandemiaren gaia ukitu ondoren, aldaketa klimatikoaz eta galera ekologikoaz hitz egin zuen: klimaren berotzea, poloetako glaziarren urtzea, deforestazioa eta klima errefuxiatuak izan zituen aztergai, besteak beste.

Etengabeko hazkundea oinarri duen eredu kapitalistarekin planetaren etorkizuna kolokan egon daitekeela ohartarazi zuen Petxarromanek: "Klimari dagozkion politikak merkataritza itunen mende daude, eta Euskal Herria ez da salbuespena". Petronorren eta Iberdrolaren adibideak aipatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren politika energetikoan enpresa horiek duten eraginaz ere ohartarazi zuen. Hala ere, alternatibak egon badaudela eta horietan indar egitearen garrantzia azpimarratu zuen kazetariak, herrietako politiketatik abiatuta.

Galdera eta iritzi asko eman zituzten hitzaldira joandakoek, eta, besteak beste, gainpolulazioaren, erraustegiaren eta basogintzaren gaiak aipatu zituzten. Ordu eta erdi igaro ondoren, hitzaldiari amaiera eman zioten.