Elkar-ekinek 2.000 euroko elkartasun laguntza eman dio Zaporeak elkarteari

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2020ko ira. 28a, 13:43

Moriako errefuxiatu guneak su hartu ondoren, egoera are larriago egin da bertan bizi diren pertsona migratzaileentzat. Euskal Herrian elkartasun egitasmo ugari abiatu dira azken asteotan, eta Elkar-ekineko kideok ere gure aletxoa jarri nahi izan dugu. Hain zuzen ere, Elkarguneko salmentetatik ateratako 2.000 euro Zaporeak elkarteari ematea erabaki dugu. 

Zaporeak elkarteak urteak daramatza Greziako Lesbos uhartean bizi diren errefuxiatuei otorduak banatzen. Orain arte, egunero 1.500 otordu banatzen zituzten errefuxiatuen artean, baina banaketa hori bikoizteko asmoa erakutsi dute elkarteko kideek; izan ere,  Moriako errefuxiatu guneak su hartu ondoren, egoera are larriago egin da bertan bizi diren pertsona migratzaileentzat.

Euskal Herrian elkartasun egitasmo ugari abiatu dira azken asteotan, milaka errefuxiatu horientzat irtenbide duin bat aldarrikatuz eta une honetan bizi duten egoera larria arintzeko elkartasuna antolatuz. Herrian bertan, janari asko bildu zen asteburuan, eta bildutakoa prest dago kamioietan Greziara bidaltzeko. Elkar-ekineko kideok ere aletxoa jarri nahi izan dugu, egoera latzak bizitzen ari diren errefuxiatu horien egoera arintzeko helburuarekin. Horrenbestez, Elkarguneko salmentetatik ateratako 2.000 euro Zaporeak elkarteari ematea erabaki dugu.

Une hauetan, egoera hori bizi duten pertsonekiko elkartasun praktikoa antolatzea beharrezkoa dela pentsatzen dugu. Hala ere, tragedia horren iturburuan dauden injustizia egoera horiek gainditzea beharrezkoa izango da, etorkizunean antzeko egoerak errepika ez daitezen.

Horregatik, bai Afrikaren espolioan, bai munduko herrialde askoren okupazio eta jazarpenean Europar Batasunak (eta hurbilago etorrita Eusko Jaurlaritzak) duen ardura salatu nahi dugu. Errefuxiatuen egoerari konponbide duin bat ematea EBren ardura da, baita migrazio horien eragile diren gerra eta jazarpen egoera asko amaitzea ere.