Iritsi da Bilbora Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeari laguntzeko abuztuan bildu dugun materiala

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2020ko ira. 2a, 20:49

"Eskerrik asko, azpeitiarroi!". Hala esan zigun Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kide batek. Gustura eta gogoz ekingo diote larunbatean materiala beharra dutenen artean banatzeari. Jada banaketarako prest, sailkatuta eta gordeta, dute materiala Santutxun (Bilbo) duten biltegian.

Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) taldeko kideek astelehenean eraman zuten arropa eta materiala Bilbon duten biltegira. Hunkituta gelditu ziren eginiko bilketarekin, eta herritarrentzat esker hitzak adierazi zizkiguten. Egoera gogorrean dauden pertsona asko iristen dira Santutxuko (Bilbo) biltegira.

Paperik gabe daude, aterperik gabe, bitartekorik gabe... Nomadak dira, ezkutuan dabiltza, edozein tokitan lo egin dezakete, edozein momentutan hanka hotsa atera behar izaten dute –beldurra, eguraldia– beren ondasun guztiak gainean hartuta (gutxi izanda ere guztiaren beharra dute), eta negu gogorrak pasatu behar izaten dituzte.

OEEko kideek diotenez, garrantzi itzela dute bildutako arropek eta materialek pertsona horientzat. Beraz, eskerrik asko, egindako ekarpenagatik. Izan ere, herritarrek emandako erantzuna itzela izan da, are gehiago abuztua izan dela kontuan hartuta. Elkar-ekinek ere eskertu nahi dizue egindako ekarpena.

Bide batez, gogoratu bihar, ostirala, irekiko dela Elkar-Guneko bigarren eskuko denda, eta herritarrek jarrai dezakete materiala eta arropa hara eramaten. Behar ez dena, eta aldi berean, erabilgarri dagoena besteentzat: Garbigunean bukatu beharrean, bizi berri bat has dezan.

Eta azkenik, gogoratu Elkar-ekineko kideok berriro biltzen hasi garela, eta astearteetan, 18:30ean, egiten ditugula bilurak. Gonbidaturik zaudete, etorri eta parte hartu.