Migratzaile eta errefuxiatuentzako arropa eta material bilketa egingo du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2020ko abu. 3a, 11:18

Abuztuan Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) taldearentzako arropa eta material bilketa egitea pentsatu dugu Elkar-ekinetik. Arropaz gain material ezberdinen beharra ere badute, hain justu Elkargunean aurkitzen ez direnak asko. Hori dela eta, dei berezi hau egiten diegu Azpeitiko herritarrei behar ez dituzten edo soberan dituzten eta berrerabiltzeko moduan dauden material eta arropak Elkargunera ekartzeko.

Munduan martxan diren gerrek eta zapalketek eraginda — ekonomiari, erlijioari, etniari, orientazio sexualari edo bizi ikuskera ezberdinei loturikoak...—, gero eta herritar gehiago dira beren lurretatik desplazatu direnak, eta ondorioz, migratzaile eta errefuxiatu bihurtzen direnak beraiena ez den lurralde arrotz batean. Gizarte zibila, taldeak, elkarteak zein norbanakoak dira horri erantzuten saiatzen ari direnak, eta harrera lekua izan nahi duen hori diseinatzen eta gauzatzen ari direnak. Horren lekuko iazko urtean Arteara joateko aukera izan genuen hango praktika onak ezagutzera, Ongi Etorri errefuxiatuak( OEE) taldekoen eskutik.

Urteak daramatzate OEE taldekoek errefuxiatu eta migratzaileei harrera egiten eta babesa ematen, baita euskal gizartearen sentsibilizaziorako lanketak eta ekimenak gauzatzen ere. Beraien helburua errefuxiatuen miseriaren aurrean herritarrak sentsibilizatzea da, pixkanaka gizarte solidarioago bat sortuz, gure garai historiko honetako arazoak sentitzeko gai dena eta prest egongo dena konpromiso pertsonal eta kolektibo ezberdin askotan murgiltzeko. Izan ere, gauza bat da eman ahal zaien laguntza, eta beste bat, gogoeta historiko eta sozioekonomiko bat egitea desplazamendu horiek zergatik gertatzen diren jakiteko.

 

Zer erantzukizun ditu mendebaldeko gizarteak, gerra kolonizazioaren eta globalizazioaren aurrean? Horretan saiatzen dira OEE taldekoak, errealitateaz informatzen, hausnartzen, ikasten eta zabaltzen. Aldi berean gobernuen eta estatuen jarrerak salatzen dituzte, eta armagintza sektorearen inguruan ere lanketa eta salaketa zabala egiten dabiltza.

 

Oraingo honetan OEE taldeak Bilbon duen biltegi solidariorako material bilketa egin nahi dugu, bizi ditugun garaietan gure herrira iristen direnek ere zerbait eduki dezaten. Animatu, eta egin ekarpena, ongi etorria izango da eta!

Materiala jasotzeko gunea: Elkarguneko arropa denda berria

Irekita: abuztuan

 

  • Osteguna,16:00etatik 20:00etara
  • Ostirala, 16:00etatik 20:00etara.
  • Larunbata, 10.00etatik 13:30era.

Jasotzeko azken eguna: abuztuaren 29a.

Behar den materiala:

 

  • Kanpin-denda txikiak
  • Lo zakuak eta esterilak
  • Toallak (zuriak hobe ez)
  • Oinetakoak: mendikoak eta kiroletakoak (39tik 45era neurrikoak)
  • Motxila txikiak
  • Mutilen arropa: prakak, txanodun jertseak (neurriak S, M eta K), eta negurako arropa.