Datorren astetik aurrera martxan izango da Elkarguneko Arropa Bankua

Erabiltzailearen aurpegia \N 2020ko mai. 13a, 11:34
Bi hilabeteko geldialdiaren ondoren, martxan da Elkarguneko Arropa Bankua. Datorren astelehenetik aurrera ekingo diegu, berriro ere, banaketa lanei. Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailarekin elkarlanean egingo dugu oraingoan ere arropa banaketa, eta pobrezia egoeran dauden herriko lagunen zerrenda erabiliko dugu horretarako. \ \ Udala arduratuko da pertsona horiei banan-banan deitzeaz eta hitzorduak emateaz. Elkar-ekinen lana, berriz, pertsona horiekin aurrez aurre egotea eta dagokien arropa ematea izango da. Jendearen anonimotasuna arretaz zainduko dugu oraingoan ere; beharra duten pertsona horiek ahalik eta erosoen sentiarazten saiatuko gara.\ \ Datozen banaketak maiatzaren 18an hasita egingo ditugu, eta Arropa Bankuaren erabiltzaileei jakinaraziko zaizkie banaketa egun eta ordu zehatzak.\ \ Arropa jasotzeko beharra duten herritarrek Elkar-ekinen honako telefono zenbaki honetara deitu behar dute: 644 96 16 06. Telefono horretan emango zaie herritarrei informazioa.\ \ Arropa Bankuaren xedea da herriko jendeak donazio gisa bertara eramandako arropa beharrik handiena duten lagunen artean banatzea. Arropa jaso, garbitu eta ordenatu ondoren, dena prest izaten dugu bazterketa egoeran dauden herritarren artean banatzeko. Elkargunea datozen asteetan irekiko dugu berriz ere, eta orain arte bezala, arropa bertan uzteko aukera izango dute herritarrek. \ \ Zerbitzu hori ematen hasi ginela bost urte beteko dira irailean. Proiektuak aurrera egin badu, ehunka azpeitiarren ekarpenari esker izan da. Asko eta asko izan dira arropa ekartzera eta hartzera Elkargunera hurbildu diren herritarrak; elkartasun sare emankorra osatu dugu Arropa Bankuaren inguruan, eta bide horretan sakontzea da Elkar-ekinen eta udalaren borondatea.