Elkar-ekinek gogoratu du Elkargunean ere jasotzen dituztela berrerabil daitezkeen arropak eta mota guztietako materialak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Elkar-ekin | Gizartea
2019ko aza. 27a, 13:28

Arropa eta mota guztietako material erabilgarriak Soreasuko Elkargunean ere jasotzen dituztela gogorarazi du Elkar-ekinek.

Urriaren 17an Uztarriaren webgunean irakurri genuen albistearen harira (Arropa eta etxeko hondakin txikiak biltzeko edukiontziak aldatu dituzte: https://uztarria.eus/aktualitatea/1571319042 ), honako hau adieraztea beharrezkoa dela sentitu dugu:

Lau urte baino gehiago dira Soreasuko Elkargunea martxan jarri genuenetik, eta hiru dira gaur egun bertan eskaintzen ditugun zerbitzu nagusiak: arropa bankua (herrian beharrik handiena duten pertsonei arropa doan banatzen diegu bertan), bigarren eskuko denda (orotariko material erabilgarria oso modu eskuragarrian saltzen dugu) eta xaboi biodegradagarria (garbiagoa den eta ingurugiroari kalte gutxiago egiten dioten xaboi ezberdinen salmenta). Horiez gain, Errigoraren saskien banaketa egiteko ere erabiltzen dugu Elkargunea.

Proiektua aurrera eramateko ezinbestekoa izan da herritarren inplikazioa. Izan ere, bai arropa bankua, bai bigarren eskuko denda herritarrek astero hornitzen dituztelako dira posible. Ehunka herritar igarotzen da Elkargunetik hilero, etxean soberan dituzten materialak bertan lagatzera: kasu askotan, donazio moduan, eta beste kasu batzuetan, salgai jarrita.

Bigarren eskuko dendarekin lortzen dugun dirua borroka sozialei eta elkartasunari lotutako hainbat egitasmo finantzatzeko erabiltzen dugu: Elkar-ekinen ohiko jarduerak (hitzaldiak, kanpainak etab.) eta Euskal Herrian interesgarriak iruditzen zaizkigunak (Malen Etxearen konponketa, Huertas de Peraltako langileen borroka etab.). Diru poltsa txukun bat dugu aurreztuta, etorkizunean herrian proiektu sozial berrietan erabiltzeko pentsatua.

Horrez gain, bertan jasotako materialaren zati handi bat munduan zehar bidali dugu herriko kooperazio taldeen bidez (Saharara, Senegalera etab.).

Elkargunean pertsona batek lan egiten du astean hamabost orduz, eta pertsona horren soldata ere Elkargunean lortutako diruarekin ordaintzen dugu. Hala ere, auzolana da Elkarguneak bizirik jarraitzeko arrazoi nagusia. Bai arropa bankuan, bai Elkarguneko txandetan Azpeitiko 70 lagun inguru daude inplikatuta gaur egun. Horiez gain, astero Elkargunera materiala ekartzera eta erostera datozen pertsona horiek dira proiektu solidario eta herritar hau posible egiten dutenak.

Elkargunea ostiral arratsaldeetan (16:00etatik 20:00etara) eta larunbat goizetan (10:00etatik 13:30era) egoten da irekita. Tarte horietan edozein herritarrek ditu ateak irekita, bai materiala ekartzeko, bai erosteko, baita besterik gabe begirada bat botatzeko ere.

Harrituta gelditu ginen Urola Erdiko Mankomunitateak atera zuen albistean Elkargunearen aipamenik ez zela egiten ikustean. Horregatik, eta inorekin lehian sartzeko batere asmorik gabe, beharrezkoa ikusi dugu ohar honen bidez honako argibideak ematea.

Elkargunean arropa eta erabilgarri dagoen materiala jasotzen jarraituko dugu aurrerantzean ere. Egoki ikusten duten herritarrek zuzenean bertara eraman dezakete materiala.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu