Ludopatiak eragindako gertaeren aurrean, gogoeta

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko aza. 22a, 10:11
Ludopatiak eragindako gertaera larri eta tristeen lekuko izaten ari garen honetan, Elkar-ekin taldeak honako gogoeta hau helarazi nahi die Azpeitiko herritarrei: \ \ – Ezer baino lehen, une zail hauetan gure babes eta elkartasun sentituena eskaini nahi diegu sufrimendua beren azalean bizitzen ari diren herritarrei. Gaixotasun gogorra da ludopatia, gaixotasuna jasaten duen pertsonak ez ezik, ingurukoek ere sufritzen dutena. \ \ – Joko patologikoaren desesperazio fasean ohikoa da suizidioaren ideiak garatzen joatea. Gaian aditu direnek egindako lanetan irakur dezakegu fase horretan dauden pertsonen %90ek izaten dituztela suizidioaren ideiak, eta jokoan adikzioa duten pertsonen artean ez dutenen artean baino %60 handiagoa dela suizidioaren ideia. Ludopatiak erasandako pertsonek bere buruaz beste egitea errealitate bat da gaur gaurkoz. Isilean igaro ohi den errealitate gordina. \ \ – Esaten ari garenaren adibide argia da duela bi aste gure herrian gertatu zena. \ \ – Guk, zurrumurru eta estigma guztien gainetik, pertsona horien duintasuna eta memoria aldarrikatu nahi ditugu. Eta argi esan nahi dugu heriotza horiek ez direla zoriaren ondorio. Patologia hau ez da berez sortzen, eta inguruan ditugun ludopatia kasu guztiak ezin dira ulertu apustuen merkatuak dituen interes ekonomiko aseezinei begiratu gabe. \ \ – Izugarriak dira azken urteotan apustu-enpresa handiek izan dituzten irabaziak, eta irabazi horien neurrikoak dira horrek guztiak utzi dituen ondorioak: ludopatia, pobrezia, eta kasu askotan, heriotza. Enpresa gutxi batzuen irabazien itzalean daude milaka eta milaka herritar xehek jasan behar dituzten ondorio lazgarriak. Ezin aipatu gabe utzi erakunde handiek gaian duten utzikeria, enpresa horiei nahieran aritzeko bide guztiak irekita uzten baitizkiete. \ \ – Adikzioa sortzeko teknikak erabiltzen dituzten enpresez hitz egiten ari gara. Jokoan hasteko doan banatzen dituzten bonoak, makinen argiak, musika, iruditegia, eskaintza bereziak, gero eta abiadura azkarragoko apustuak, lokal horietako prezio merkeak, ordutegiak, denboraren nozioa galtzeko pentsaturik antolaturiko espazio fisikoak, langileen auzoetan kokaturiko apustu etxeak, gazteenei begirako publizitate erasokorra, pertsona ezagunen promozioak, kirolarekin duen lotura eta abar. Ondorioak, berriz, egunero ikusten ari garenak. \ \ – Amaitzeko, Elkar-ekinek gai honen inguruan lanean jarraitzeko asmoa duela adierazi nahi dugu. Gertutik ezagutzen ari gara arazo honen ondorio larriak norainokoak diren, eta egoera okertu baino ez da egingo berehalakoan neurririk hartzen ez badugu. Horregatik, gaia arduraz jorratzeko deia egin nahi diegu erakundeei, eta bereziki arlo honetan ardura nagusiak dituztenei.