"Huerta de Peraltako borrokak Nafarroako landa eremuko enpresa askotan izan du eragina"

Erabiltzailearen aurpegia da hau Elkar-ekin | Gizartea
2019ko aza. 7a, 09:21

2019 urte hasieran Nafarroako hegoaldeko Huerta de Peralta enpresako langileek aurrera eraman zuten borroka jasotzen duen dokumentala ikusgai izan zen atzo arratsaldean Sanagustin kulturgunean. Dokumentalean zehar enpresa honetako langileek zein baldintzatan lan egiten zuten jasotzen da: Lanaldi mugagabeak, jai egunetan lan egin beharra, legez kanpoko kaleratzeak, ordu arruntak baino gutxiago ordaindutako aparteko orduak, hitzarmenik eza, etengabeko mehatxuak, presioak...

Lan baldintza jasangaitz horiei aurre egiteko LAB sindikatuan antolatzen hasi ziren bertako langileak, beraien eskubideen jakitun egiten hasi ziren, eta beste biderik ikusi ez zutenean greba mugagabeari ekin zioten. Hamar gradu azpiko tenperaturei aurre egin eta egunero enpresaren aurrean biltzen ziren LABeko kideekin batera, sarrera oztopatuz, errepidea moztuz... Lehen egunetan nagusiak oso jarrera txarra erakutsi zuen arren, beraien aldarrikapen guztiak lortu zituzten langileek 28 eguneko grebaren ondoren.

Grebaren gogortasuna ondo erakusten du dokumentalak, besteak beste, Polizia Foralak bortizkeria handiarekin erasotu baitzituen langileak. Baina langileek hasieratik argi izan zuten hil ala biziko borroka batean murgildurik zeudela, eta presio horri guztiari aurre egin zieten.

Itxaso eta Unai Nafarroako LABeko kideek hartu zuten amaieran, eta borroka honek Nafarroako landa eremuan izan dituen ondorioak azaldu zituzten. Antzerako enpresetan baldintzak hobetzera egin dutela azaldu zuten, hainbat enpresarik antzeko egoera batean aurkitzen beldurra sentitu zutelako.

Azpimarra egin zuten zapalkuntza horren atzean egon den arrazakeriaz hitz egiterakoan. Beraien esanetan, enpresaburua pertsonen migrante izaeraz baliatu zen esklabutza egoera ezartzeko, jakitun aurrez ere oso egoera prekarioan bizi zirela. Eguneroko lanean ere ohikoak ziren beraien aurkako irain eta komentario arrazistak. Arrazakeria hori poliziaren jardunean ere nabarmendu zela azaldu zuten, bortxa handiagoz erasotu ohi zituztelako pertsona migranteak bertako jatorria zutenak baino.

Bi sindikalisten esanetan, elkartasun sare zabala osatu zen grebalariak babesteko, bai inguruko herrietan bai eta Nafarroan osoan. Nazioartetik iritsitako babesa ere azpimarratzeko izan zela esan zuten.

Dokumentalaren bi ale Soreasuko Elkargunean egongo dira datorren astetik aurrera, nahi duenak bertan eskatzeko aukera izango du, ikusi eta berriz bertan uztekotan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu