Artean izan da hainbat azpeitiar errefuxiatuen harrera proiektuak ezagutzen

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko urr. 28a, 10:04
40 azpeitiar inguru joan ginen Arteara joan zen larunbatean, Bizkaiko herri txiki horretan munduko hamaika txokotatik iritsitako pertsona migratzaileei harrera nola egiten dieten eta elkarlanean zein proiektu garatzen ari diren ezagutzeko. \ \ 10:00etan atera zen Elkar-ekinek antolatutako autobusa, eta iristerako zain genituen Arteako Harrera Sareko lagunak. Haiek lana egiteko duten modua azaldu ziguten aurrena, hala nola jarrera politikoa, elkartasuna ulertzeko modua eta sarearen funtzionamendua. Guatemalatik, Nikaraguatik, Marokotik eta Gambiatik Arteara iritsi diren lagunek beren testigantzak azaldu zizkiguten: zergatik alde egin zuten beren herrialdeetatik, bidaia prozesuan zenbat zailtasun eta drama ezagutu zituzten eta Artean nola amaitu zuten, besteak beste. \ \ Azken hiru urteotan abian jarri dituzten proiektuak zuzenean ezagutzeko parada izan genuen goizean zehar, tartean errefuxiatuek kudeatzen dituzten jantokia eta taberna, josteko tailerra, obradorea, baratzeak eta negutegiak. Proiektu horietariko asko elikadura burujabetzaren printzipioak kontuan hartuta garatzen dituzte, eta euskarak ere garrantzia handia du Harrera Sarean. Astero AEK-ko irakasleak hurbiltzen dira bertara euskara klaseak ematera. \ \ Hainbat zalantza eta galdera planteatu ondoren, elkarrizketa interesgarriak sortu ziren bertaratu ginenon artean. Jantokian bazkaldu genuen, modu onean eta giro jatorrean.\ \ Elkar-ekinetik pozarren gaude txangoak utzi duen emaitzagatik. Adin eta ingurune ezberdinetako azpeitiarrok batera pasatu genuen eguna, eta herrian gaiari eusteko gogoz itzuli ginen Arteatik. Aurrera begira Azpeitian errefuxiatuak hartzeko egin ditzakegun urratsak aztertzeko asmoa dugu, horretarako jende askoren inplikazioa beharrezkoa izango dela jakitun. \ \ Jendea eta gogoa elkartzen badira, gauza ederrak egiteko gai garela sinetsita gaude. Horrela, datozen asteotan gaiari loturiko deialdi berriak egingo ditugu.