Adinekoen zaintzan ari diren emakume etorkinek beren eskaerak helarazi dizkiote Udalari

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko api. 14a, 18:28
Ostiral arratsaldean ez ohiko bilkura egin zen udaletxeko pleno aretoan: adinekoen zaintzan ari diren Nikaragua, Honduras eta Txileko barneko langile edo internak hartu zituen Eneko Etxeberria alkateak.\ \ Badira hilabete batzuk Elkar-ekin hasi zela langile horiekin harremanetan eta berehala konturatu zen haien laneko oinarrizko eskubideak (legeak ezartzen dituenak) ez zirela askotan betetzen: oinarrizko soldata, laneko egutegia, oporrak, eguneroko atsedenerako bi orduak (egunean 22 orduko lanaldiak dituzte), kalte-ordaina, asteburuko bi eguneko atsedenaldia...\ \ Bestalde, adinekoaren etxean bizitzean, zaintzen duten adinekoa hiltzen denean etxerik gabe gelditzen dira. Gainera, etorkinak eta gehienak emakumeak izateak sarri ekartzen die zahurgarriatasuna beren bizi baldintzetan.\ \ Elkar-ekinek zaintzaileekin zenbait bilera egin ondoren, eskaera hauek zuzendu zizkioten alkateari ostiraleko bileran; Daniela Lopez Perez Nikaraguako zaintzaile gazteak irakurri zuen alkateari zuzendutako idatzia, denen izenean:\ \ \"Adineko ezinduak zaintzen gau eta egun lan egiten dugun langileak gara, zaintzen dugun ezinduaren etxean bizi gara. Gure lan baldintzak eskasak dira (adibidez, ez dugu langabeziarik) eta gizartean ez ikusiak sentitzen gara. \ Ondorengo eskaerak aintzat hartuko dituzula uste dugu; gure partetik, gure lankidetza eskaintzen dizugu.\ \ 1. Zaintzaileen titulua ateratzeko egiten den ikastaroa Azpeitian egitea eskatzen dugu eta ahalik eta ordu gutxien egunean, nahiz eta ikastaroa luzatu. Eskaera horren arrazoia guk dugun ordutegia da, egunean bi orduko atsedena dugu gehienok eta atseden orduetan egiteko moduko ikastaroa eskatzen dugu.\ \ 2. Zaintzen dugun adinekoa hil ondoren edo beste arrazoiren batengatik lanik gabe gelditzen garenean, non bizi ez dugula geratzeko arriskua dugu, ez baitugu etxerik. Berriz familia baten lana aurkitu bitartean etxe bat izateko eskubidea eskatzen dugu. Ulertzen dugu etxe hau kasu horietan bakarrik erabili behar dela.\ \ 3. Gure eguneroko atseden orduetan lagun artean egoteko eta geure burua formatzeko ere bai, lokal bat eskatzen dugu, bertan gure laneko eskubideei buruzko formazio bat Silvia Carrizo Malen Etxekoaren bidez, emakumeen berdintasunari buruz Basandereak talde feministarekin, Banaiz-Bagarakoekin euskara ikasteko ikastaroa, sukaldaritzako ikastaro bat guk hemengo janari ohiturak ezagutzeko eta geureak hemengoei eskaintzeko, Azpeitia eta azpeitiarrak ezagutzeko ibilaldiak eta abar egiteko.\ \ 4. Herrian eta inguruan dauden lan agentziek eskaintzen dituzten lan kontratuek ez dituzte eskaintzen guk bizitza duin bat egiteko behar ditugun gutxieneko baldintzak. Agentzia horiekin dugun esperientzia txarraren ondorioz, ahoz ahoko sistemaz baliatzen gara lana bilatzeko. Horretaz hausnarketa bat egitea eta irtenbidea bilatzea eskatzen dugu\".\ \ Langileen eskaerak entzun ondoren, alkateak hartu zuen hitza eta eskertu zien herritarren zaintzan egiten duten lan eskerga eta euren kezkekin Udalera joatea. Eskaerei banan-banan erantzun zien, eta ondoren eztabaida eta zalantza ugari sortu zen. Bakoitzak bere lekukotza eta bizipenak kontatu zituen.\ \ Batzarra oso interesgarria izan zen, bereziki alkateak zuzeneko testigantza jaso zuelako, eta gero eta ugariagoa eta beharrezkoagoa izango den kolektibo bat ahalduntzeko eta antolatzeko lehen urratsa izan delako.