Elkarretaratzea, janaria eta musika, Xenofobiaren eta Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean

Erabiltzailearen aurpegia da hau Elkar-ekin | Gizartea
2019ko mar. 14a, 11:22

Elkar-ekinek hainbat ekimen antolatu ditu datorren asterako, martxoaren 21ean izango den Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta. Hau da egitaraua:

- Martxoaren 20an, asteazkena, 'Faxismoa gaur eta hemen' izenburua duen hitzaldia emango du Hedoi Etxartek Sanagustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera.

- Martxoaren 21ean, osteguna, 'Azpeitian xenofobiarik ez, inor ez da ilegala' leloarekin elkarretaratzea egingo da plazan. Ondoren, janari ezberdinekin mokadua egingo dugu, eta eguna amaitzeko Horacio txiletarraren kontzertua izango da udaletxeko arkupeetan.

- Martxoaren 24an, igandea, musikari afrikarrak izango dira herrian. Aurrena kalean zehar, eta ondoren, Sanagustinen.

Deialdiaren irakurketa:

1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Sharpeville herrian, milaka eta milaka herritar atera ziren kalera herrialdean bizi zuten apartheid eta arrazakeria egoera bortitza salatzeko. Protesta baketsua bortizki sakabanatu zuten poliziek, 69 pertsona hil eta 186 zauritu eraginez.

Mende erdi igaro da gertaera haietatik, baina egun horretan kalera ateratzeko arrazoiek bere horretan jarraitzen dute. Arrazakeria eta xenofobia errealitate gordina dira gaur egun ere, milioika direlarik beraien koloreengatik, sinesmenengatik, kulturagatik edo ohiturengatik jazarriak eta erasotuak diren biztanleak.

Faxismoaren mamua indartsu agertu da azken hilabeteotan, Europan eta Espainiako estatuan eskuin muturra izaten ari den gorakada ikusi besterik ez dago.

Azpeitian bertan ere badira pertsona migratzaileen gaineko aurreiritzi eta jarrera desegokiak. Arrazakeria eta xenofobia zantzuak presente daude elkarrizketa askotan, eta komunitate zenbaiten aurkako iritziak entzuten dira han eta hemen.

Horretaz guztiaz hitz egiteko eta xenofobiarik gabeko herri bat aldarrikatzeko baliatu nahi dugu martxoaren 21a, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu