Apustu etxearen kontrako egitasmo iraunkorra abiatuko du Elkar-ekinek datorren astean

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2019ko urt. 11a, 14:11
Apustu etxearen aurkako elkarretaratze baterako deia egin zuten eragileetako kideek.

Martxoaren 14a bitartean, ostegunero, sei laguneko taldeek elkarretaratzea eta propaganda banaketa egingo dituzte Balentina Agirre plazan Retak duen apustu etxearen atarian.

Balentina Agirre plazan Retak zabaldutako apustu etxearen aurkako ekimen iraunkorra jarriko du martxan Elkar-ekinek datorren astean. Urtarrilaren 17an hasiko dute egitasmoa, eta martxoaren 14a bitartean, ostegunero, sei laguneko taldeek txandaka, elkarretaratzea eta propaganda banaketa egingo dituzte lokalaren aurrean.

Reta enpresak joan zen urriaren 31n zabaldu zuen apustu etxea Balentina Agirre plazan. Elkar-ekin taldeak orain dela hilabete batzuk abiatu zuen apustu etxearen kontra presio soziala egiteko kanpaina. Orduz geroztik, hainbat protesta egin dute, baita sinadura bilketa ere. Hain zuzen ere, 1.636 herritarrek eman zuten apustu etxearen kontrako sinadura. Gainera, gaia gizarteratzeko hitzaldiak ere antolatu ditu taldeak, eta aurrera begira ere bide berean lanean segitzeko asmoa agertu du.

Azpeitiko Udalak ere kezka agertu zuen apustu etxeak izan ditzakeen ondorioez, eta Eusko Jaurlaritzari oharra bidali zion, halako lokalek herrian eragin dezaketen "inpaktuaren" informazioa eta txostena eskatzeko. Gainera, adierazi zuen bere esku dauden "baliabide guztiak" jarriko dituela, apustu etxearen "ondorio kaltegarriak" saihesteko.

Uztarriak apustu etxeen eta on line jokoaren loraldia oinarri hartuta, herrira ekarri zuen gaia joan zen abenduko aldizkarian. Mendeko diren bi pertsonekin, horietako baten senide batekin eta adikzioen zentro bateko zuzendariarekin hitz egin zuen Uztarriak erreportajea osatzeko. Honako lotura honetan irakur daiteke erreportaje osoa.