Euskaraldia

Elkar-ekinek bat egin du Euskaraldiarekin

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2018ko aza. 21a, 11:13

Elkar-ekinek Euskaraldiarekin bat egiten du eta Euskaraldiak irauten duen bitartean bertako kideek eta boluntarioek Ahobizi izateko konpromisoa hartuko dute, eguneroko jardunean nahiz bileretan euskara bakarrik erabiliz.

Elkargunea zabalik dagoen egunetan, azaroaren 23, 24 eta 30ean nahiz abenduaren 1ean, bezeroari lehen hitza euskaraz egingo zaio eta bezeroa euskaraz hitz egiteko gai ez denean ere euskara erabiliko da kontrakoa eskatu ezean. Saiakera honetan Elkar-ekinekoek behar den laguntza eskainiko diote euskaraz hitz egiten saiatzen den orori.

Bezeroei ekimen honen berri emateko, esku orriak banatu dituzte lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, urdueraz eta arabieraz. Eta aurrez eskerrak eman nahi dizkie Ahobizi edo Belarriprest roletan parte hartuko duten guztiei.

Ariketa honekin barneratuta ditugun aurreiritzi eta ohitura oker asko aldatu nahi dituzte Elkar-ekinekoek, eta Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan ez ezik, aurrerantzean ere bezeroekin euskaraz hitz egiten jarraitzeko ahalegina egingo dute.