"Urratsak egoki emanez hondakinen %70 baino gehiago birziklatzeko sistema jarriko dugu datozen hilabeteetan"

Erabiltzailearen aurpegia da hau Elkar-ekin | Gizartea
2016ko aza. 10a, 09:58

Parte hartze zabalarekin egin zen atzo, azaroak 9, 'Nola kudeatuko ditugu hondakinak Azpeitian?' izenburua zuen hitzaldia. 70 herritarretik gora bertaratu ziren, eta azalpenak arretaz entzun ondoren, galdera eta iritzi ezberdinak egin eta eman zituzten hitzaldira gerturatutako herritarrek.

Itsaso Beitia Arrasate Zero Zaborreko kidea izan zen hitza hartzen aurrena. Arrasateko hainbat alderdi politikok eta herriko taldek egindako hitzarmena azaldu zuen hasteko. Akordio haren ondorioz hondakinak gaika sailkatzeko kontrolpeko sistema bat ezarri zen. Egun, hondakinen %80 baino gehiago birziklatzen dute sistema horren bidez. Beitiaren esanetan derrigortasuna ezinbesteko faktorea izan da emaitza horietara iristeko.

Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotzia eta Orkatz Goenaga Mankomunitateko teknikaria arduratu ziren herrian ezartzeko asmoa dagoen sistema azaltzeaz. Laburbilduz, hauek izango dira sistema berriaren ezaugarriak:

  • Industria guneetan atez ate jasoko dira hondakinak.
  • Sortzaile berezien artean atez ate jasoko dira hondakinak. Talde horretan leudeke ostalariak, elikagai dendak, osasun zentroak, ile-apaindegiak eta antzekoak.
  • Herritarren artean modu kontrolatuan jasoko dira errefusa eta organikoa. Etxe bakoitzak txartel bat izango du dagokion edukiontzian bere hondakinak botatzeko. Nahi duenean bota ahalko ditu hondakinak. Gainontzeko hondakinak gaur arte bezala batuko dira.
  • Landa eremuetan bizi den jendeak ekarpen guneetara eramango ditu hondakinak. Organikoa ez da bilduko kasu hauetan, landa eremuak konposta egiteko aukera ematen duelako.

Horrez gain, auzo-konpostarekin jarraitzeko asmo agertu zuen Orkatz Goenagak, "organikoari irtenbide egokiena ematen dion sistema delako".

Hitzaldiaren amaieran Lapatxen itxiera izan zuen hizpide Aitor Bereziartuak. Lapatx ixteko konpromisoan berretsi zen, behin betetzen denean ez dutela handitzeko obrarik egingo adieraziz. Joseba Asensio Ingurumen diputatuaren hitzak ekarri zituen gogora. Izan ere, hark adierazi zuenez, Lapatx urtea amaitu baino lehen itxiko litzatekeelako."Egia izatea espero dut", azpimarratu zuen Bereziartuak.

Hala ere, Lapatxen itxierak esan nahi duena zehaztu nahi izan zuen Bereziartuak. Izan ere, Lapatxen kokatua dagoen garbiguneak eta konposta egiteko plantak irekita jarraituko lukeelako luke berean.

Horiek eta kontu gehiago izan ziren hizpide ia bi orduz luzatu zen hitzaldian. Eneritz Albizu aurkezleak azaroaren 19ko manifestaziorako gonbita eginez itxi zuen atzoko hitzaldia.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu