"Erraustegia segurua bada, zergatik ez du nahi inork bere etxe ondoan?"

Erabiltzailearen aurpegia da hau Elkar-ekin | Gizartea
2016ko urr. 20a, 10:26

Hitzaldi mamitsua eskaini zuten atzo, urriak 19, arratsaldean Sanagustinen erraustegiaren ondorioei tiraka. Xabier Mitxelena medikua izan zen hitza hartzen aurrena, 2004. urtean abiaturiko mediku taldearen lana azalduz. Osasun eta Errausketa Ikerketa Taldea osatu zuen, eta osasun ikuspegi soil batetik lan egin dute geroztik. Bere hitzetan, "erraustearen prozesuan ere masen balantzea betetzen da, alegia, erraustegian sartzen den eta ateratzen den masa kopurua berdina da". Hiri hondakinen kasuan, erraustegitik ateratzen dena honela sailkatuko litzateke:

- %3,6 errauts toxikoak.
- %21 eskoria.
- %75 atmosferara doazen gasak (ur lurrina, CO2, dioxinak etab.)

Ondorioa argia da, beraz, Mitxelenaren hitzetan: "Errausketak ez ditu hondakinak ezabatzen, bilakatu egiten ditu. Produktu batzuk ez dira aldatzen, baina berri batzuk sortzen ditu, are toxikoagoak direnak, dioxinak kasu. Zubietako kasuan erraustegia tximiniarik gabe erakusten digute, baina bi tximenea izango ditu, eta tximenea horietatik konbustio gas kantitate handiak isuriko dira, dioxinak eta furanoak kasu. Bi hauek inoiz fabrikatu diren molekularik toxikoenetakoak dira, gorputzetik ezabatzeko oso zailak direlako eta kilometro askotara zabaltzen direlako. Besteak beste minbiziaren sortzaile dira, ugaltze aparatuan eragin kaltegarria dute eta toxikotasuna eragiten dute gibelean eta beste organo batzuetan."

Metal astunen adibidearekin jarraitu zuen bere azalpena Mitxelanak, erraustegiak ezin dituela metal astunak ezabatu argudiatuz eta, besteak beste, hauek errausteak artsenikoa sortzen duela azalduz: "Zabalgarbiko erraustegiaren inguruan artsenikoaren kopurua goraka doala frogatu da.

Itziar LarraƱaga medikuak eman zion jarraipena bere taldekidearen azalpenari, mundu mailan egin diren hainbat ikerketa zientifikori erreferentzia eginez. Erraustegiaren inguruko herritarren osasun maila aztertu diren ikerketa hauek bost eta hamar kilometroren erradioetan egin dira, eta LarraƱagak azaldu zuenez denbora tarte handiak behar dira azterketa serioak egiteko, hamar urteko tartea aipatu zuelarik. Erraustegiaren inguruan bizi direnen eta ez direnen arteko konparatibak egiten dira azterketa hauen emaitzak ateratzeko. Egindako azterketatatik ondorio hauek atera dituztela azaldu zuen:

- Errausketak lotura du sortzetiko malformazioekin.
- Errausketak lotura du erditze goiztiar eta erditze oso goiztiarrekin.
- Abortu kopuruak gora egiten dute erraustegien inguruan bizi direnen artean.
- Minbizi kasuek gora egiten dute erraustegien inguruan bizi direnen artean.

Joseba Belaustegi abokatua eta GuraSOSeko kidea izan zen hitza hartzen azkena. Guraso talde bat elkartu direla azaldu zuen, beraien haurren etorkizunaz kezkaturik.Idologia ezberdineko jendea batu eta gaia eremu poolitikotik ateratzea da beraien xedeetako bat, erraustegiaren alternatiba izan daitezkeen sistemen gaineko adostasunak bilatuz denon artean. Erraustegiaren kalteak frogatuak daudela azaldu zuen, eta irabazi soila bilatzen duten enpresek pertsonen osasuna zaintzeko ez dutela neurririk hartu argudiatu zuen. Galdera bat bota zuen bere hitzartzean: Erraustegia segurua bada, zergatik inork ez du nahi bere etxe ondoan?

Azaroaren 19an Azpeitian egingo den manifestaziorako hurbiltzeko deia eginez amaitu zen hitzaldia.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu