Eskerrik asko, Juanmari eta Iñaki!

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2016ko ira. 20a, 11:21

Udak beti izaten dira alaitasun, bero eta eguzki egun; gehienetan, dena izaten da poza. Baina urtero suertatzen dira berri txarrak azpeitiarrentzat, eta abuztuan eta irailean utzi gaituzten guztiek hutsune handia laga dute. Denek merezi dute gogoraraztea, eta une batez presente izatea. Ez nuke nahi inor gutxiesterik, baina Azpeitiko Udalean zinegotzi izan diren bi laguni eskerrak eman beharrean nago. Azpeitiko plazaren bueltan denbora asko igaroak ziren biak: Juanmari Alkorta eta Iñaki Olaizola. Gure herria inor gutxik bezala maite zuten.

Juanmari gizon langilea zen, zintzoa eta lan asko egindakoa. Iñaki Konfites ere langilea zen, lan askotan ibilia: eskolan, eraikuntzan, jatetxean... Eta, ordu libreetan, zezen kontuetan. Azpeitia ahoan eta buruan izan zuten beti, eta horrela izan ziren biak ere zinegotzi, gure herriaren alde lan egiten saiatuz. Iñaki, tamalez, oso gazterik joan zaigu, istorioak kontatzen zituenenean bezala barre txikiarekin. Mahaiaren bueltan kontaketarak hasi eta buka egiteko zuen patxadarekin. Baratzean aritzen zen bezela, pazientziarekin, horrela lortzen baitira gauzak ondoen eta horrela egiten baitira lagunak; patxadaz, pazientziaz, mimo handiz eta ordu askoz jardunda.

Denoi tokatuko zaigu bidaiatzea, eta atzean utziko duguna izango da bizitza hots egiten diogun pasadizoaren neurgailua. Eta gauza handiak utzi dituzte biek. Beren lanez aparte, familia handiak eta lagun asko dituzte hemen. Hutsune ederra eta tristura sentitzen dugu askok, heriotza gertu sufritu dugun orok bezala. Marka uztearen seinale da hori. Denok gaude triste, baina aurrera egingo dugu. Gure ondotik joan zaizkigunen oroimenak gordeta biziko dira. Eskerrik asko, denagatik.