Azpeitia 1960-2014 Giza Eskubideen urraketak

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2015ko ots. 25a, 20:51

Eskerrak ematea nahi nizkieke bereziki Jabier Bucesi, Juantxo Agirreri, Pako Etxeberriari eta Carlos Martin Beristaini egindako lanagatik. Gainera, bereziki eskertu nahiko nituzke proiektuan parte hartu duten azpeitiar guztiak.

Seguruenez, eskubide urraketen txosten honetan jaso den guztia ez da denontzat gustukoa izango. Baina egia jasotzen saiatu gara, Udal gisa hori egiteko obligazioa baitugu.

Obligazio hau betetzeko esku ezin hobeetan jarri da Azpeitiko Udala. Jabi Buces, Juantxo Agirre, Pako Etxeberria eta Carlos Martin Beristain buru izan dituen taldea ondo ezagutzen dugu, profesionaltasuna eta esperientzia sakona dute mundu mailan, eta konfiantza osoa dugu teknikoki, zientifikoki, lan ezin hobea dela.

Txostenak dioen bezala, dokumentuak irekia izan behar du, eta etorkizuneko urraketa berriak edo aspaldi gertatu baino etorkizunean ezagutu ahal diren urraketak gehitzeko aukera izango da. Izan ere, badira hainbat eskubide urraketa legea erabiliaz egin direnak eta txosten honetako metodologian lekurik izan ez dutenak: itxierak, ilegalizazioak...

Beraz, gustatu edo ez gustatu, hau da gure herriaren, Azpeitiaren historia. Herri txiki honetan modu guztietako eskubide urraketak izan ditugu: hilketak (ETAk eta Komando Autonomoek egindakoak), fusilamenduak, sekuestratuak, torturatuak, estortsionatuak, jazartuak, mehatxatuak... Inor gutxiri gustatuko zaio (komodoagoa da bakoitzaren egia soilik ikustea), baina hau da gure herriaren historia.

Euskal Herrian lehenbizikoz jaso dira urraketa guzti hauek, nazioarteko estandarren edo irizpideen arabera, eta lanaren helburua argia da, eta horrelaxe iragarri genuen: egia zein den zehaztea, zer gertatu den zehaztea.

Hala ere, pauso bat gehiago ematea gustatuko litzaidake, egiaren atzetik sekuentzia bat badatorrelako, hain justu Justiziarena. Horregatik,

  1. Errealitate hau jasotzea bera errekonozimendua izatea nahi genuke, urraketa hauek jasan dituzten biktima guztiei errekonozimendu esplizitua.
  2. Ez litzateke gertatu behar, ez luke horrelakorik gertatu behar gure herrian baino gertatu egin zen eta hori ezin dugu aldatu. Biolentzia, gure herriak sufritu izan duen eta sufritzen duen ageriko errealitatea da, txosten honek zerrendatzen dituen herritarren atzean dagoen errealitate ukaezina eta gordina. Ukaezina da ETAren eta Komando Autonomoen indarkeriak hildakoak, zaurituak, eta zuzenean mehatxatutako pertsona eta biktima ugari sortu dituela. Argi dagoen bezala, badirela beste indarkeriak, Estatu espainiarrarena nagusiki, sortutako hildako, zauritu, atxilotu, torturatu, eta desagertutakoak. Denak azpeitiarrak dira, eta denak biktimak. Sufrimendu sakona jasan dute, eta ez dakit zilegi den edonoren sufrimendu maila sailkatzea.
  3. Berriro ere, giza eskubideen defentsaren alde egiteko unea da, eskubideen urraketa guztien aurka agertu nahi dugu, argi eta garbi. Herritar denok ditugu eskubideak eta guztiz errespetatuak izan behar dira, edozein egoeratan. Elkarbizitzan eta errespetuan eraiki nahi dugun gizarteak inolako biolentziarik ez du behar, eta biolentziaren erabilera gabeko Azpeitia behar dugu. Biolentzia ez da ongi etorria Azpeitian eta gaurko gure gizartearen aurkako jarrera bat da.
  4. Era berean, biktima bakoitzak eta guztiek jasan behar izan duten sufrimenduarengatik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diet publikoki. Beren sufrimenduaren aitorpena eta errekonozimendua. Egoera injustuen biktimak dira.
  5. Inori exijitu aurretik norberari exijitu behar zaiolako, pertsonalki, Udal honetako alkate gisa, sufrimendu guzti hau jasan duten biktimen aurrean nahikoa ez dudala egin aitortzen dut. Seguruenez ez dut zegokidan maila ematen jakin eta, ondorioz, beren burua babesturik sentitu ez duten biktimei barkamena eskatu nahi diet. Errekonozimenduaren, babesaren eta aitorpenaren aldeko lanak biderkatuko ditugunaren konpromisoa adierazi nahi dut.
  6. Iragana ezin dugu aldatu, baina etorkizuna guk eraikiko dugu. Eskubideen errespetuan oinarritutako Azpeitiko gizarte berritua eraikitzea denon ardura da, denon parte-hartzea eta konpromisoa behar du. Elkarbizitzak denok behar gaitu, aurrera egiteko atzera sakonki, espiritu kritikoz, begiratuz. Eta zentzu horretan, Udalak bere esku dituen tresna guztiak jartzen jarraituko du.