Olaia Esnaolak eta Xabier Aranburu 'Guzta'-k hartuko dute parte ETB1eko 'Harri Herri' saioan

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2023ko mar. 11a, 09:00
'Harri Herri' saioan parte hartuko dute kirolariak. (ETB)

Martxoaren 27an estreinatuko dute lehia telebistan, eta hiru saioz osatuta egongo da; proba guztiak Abadiñoko probalekuan grabatuko dituzte.

Herri kirola eta batez ere harri-jasotzea oinarri duen Harri Herri saio berria estreinatuko dute martxoaren 27an ETB1en. Txapelketa izaera izango du programak, eta 28 harri-jasotzailek hartuko dute parte bertan –hamasei gizonezkok eta hamabi emakumezkok–, launa taldetan banatuta, eta parte hartzaileetako bi Olaia Esnaola azpeitiarra eta Xabier Aranburu Guzta urrestillako bizilaguna izango dira.

Talde bakoitzak kapitain bana izango du: Orioko bizilagun Joseba Ostolaza zestoarra eta Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.a aiarraz gain, Jesus Gisasola Zelai II.a. eta Luis Mari Telleria ariko dira. Baina horiez gain, eskualdeko makina bat jasotzailek parte hartuko dute telebistako lehia honetan: Hodei Iruretagoeina Izeta III.ak eta Andoni Iruretagoeina aiarrak, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak, Aimar Irigoien errezildarrak, Udane Ostolaza, Aimar Galarraga, Gorka Etxeberria eta Aroa Sanchez oriotarrek, Jokin Eizmendi, Ainitze Zumeta, Lierni Osa, Maddi Gesalaga, Imanol Royo Lartain, Iñigo Eizagirre Eiza, Iraitz Arruti eta Xabat Olaizola zarauztarrek, eta Zarauzko bizilagun Paulo Azpiazu osintxuarrak.

Aurkezle lanetan Juanan Legorburu eta Ane Muruamendiaraz kazetariak eta Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia ariko dira. Guztira, hiru saiok – bi finalerdi eta final nagusia- osatuko dute programa, guztiak ere Abadiñoko probalekuan grabatuak. Hain justu ere, bihar jokatuko dute final handia, 19:00etatik 21:00etara, eta publikoak bertan egoteko aukera izango du, doako sarrerarekin.