DI-DA

Jon Gurrutxagaren abesti gustukoenen zerrenda, 'Badok' atarian

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2022ko aza. 3a, 15:14

Jon Gurrutxagak gustuko dituen hamar kanturekin zerrenda bat osatu du Badok euskal musikaren atarirako. Besteak beste, honako talde hauen abestiak daude zerrendan: Diabolo Kiwi, Ruper Ordorika, Antton Valverde, Jotakie...

Jon Gurrutxaga bertsolari eta musikari azpeitiarrak gogotik kendu ezin duen kantu sorta bat aurkeztu du Badok atarian. Desgaraian taldearen lehen diskoa prestatzen ari da egun Gurrutxaga, eta Errime taldean aritu zen aurretik. Hamar abesti aukeratu ditu hark euskal musikaren atarirako, eta besteak beste, honako talde hauen abestiak daude zerrendan: Diabolo Kiwi, Ruper Ordorika, Antton Valverde, Jotakie... Hemen entzun daiteke abestien zerrenda. 

"Kantu zerrenda hau dena da, baina izan zitekeen beste bat. Aspaldian bueltaka darabiltzat, eta horregatik ekarri ditut hona, batez ere. Joera daukat kantuak obsesiboki maiztu, eta ondoren bolada baterako abandontzeko, baina nire ganbarara joan-etorriko ibilbide hori egiten duten kantuek, generalean, hitzetan izaten dute aurreneko harria; testuaren zerbitzurako pentsatuak dira. Bizipen zehatzekin lotzen ditudanek, edo gertuko sentitzen dudan jendeak sortutakoek ere badaukate lekua zerrenda honetan. Eguneroko soinu-bandako zenbait ale uzten ditut hemen", adierazi du Gurrutxagak.