Di-da!

Sitgesen estreinatu dute Nagore Aranburuk parte hartu duen 'Irati' filma

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2022ko urr. 11a, 08:45

Kataluniako Zinema Fantastikoaren Jaialdian eskaini dute filma aurrenekoz, eta datorren azaroaren 18an estreinatuko dute zinema aretoetan; trailerra ikusgai dago sarean. Nagore Aranburu azpeitiarra da filmeko aktoreetako bat.

Datorren azaroaren 18an iritsiko da zinema aretoetara Paul Urkijok zuzendutako Irati filma, eta aktore azpeitiar batek parte hartu du ikus-entzunezkoan; Nagore Aranburuk, hain zuzen ere. Kataluniako Zinema Fantastikoaren Jaialdian, Sitgesen (Katalunia) aurrestreinatu zuten filma igandean, eta bertan izan ziren, besteak beste, filmeko protagonista nagusiak: Eneko Sagardoi, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño. Filmak euskara du hizkuntza nagusia.

Ikus-entzunezkoaren zuzendariak azaldu duenez, Irati "beti kontatu nahi" izan duen "Erdi Aroko abentura film fantastikoa" da. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Huescako (Espainia) hainbat tokitan grabatu dute filma, eta VIII. mendean giroturik dago. Garai hartan, kristautasuna Europan zabaltzen ari zen, eta desagertzen ari ziren sinesmen paganoak. Aurreratu dutenez, "euskal mitologiaren osagai magikoak" ditu ikus-entzunezkoak.