Ibai-Eder urtegiaren edukiera %80,9 dago beteta

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2022ko abu. 10a, 11:00
Nuarbeko Ibai-Eder urtegia.

Lehorte arriskuan daude Europako Batasuneko herrialde ugari. Euskal Herrira ere ari dira euri faltaren ondorioak iristen, eta neurriak hartzen ere hasi dira han-hemenka; Ipar Euskal Herriko hainbat herritan eta Busturialdean (Bizkaia) esaterako. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako urtegien batez besteko betetze maila %81 da.

Lehorte arriskuan daude Europako Batasuneko herrialde ugari, eta asko dira neurriak hartzen hasi direnak. Euskal Herria ere ez da salbuespena, nahiz eta urtegien egoera, oro har, ez den larria. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %70eko betetze mailatik gora daude urtegiak, eta urte horien bidez hornitzen dira herritarren %90.

Espainian, esaterako, urtegietako ur kopurua azken hamar urteetako baxuena da; %37,9 da horien batez besteko betetze maila. Bestelakoa da, ordea, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako urtegien egoera, urtegien batez besteko betetze zifra %81 baita gaur-gaurkoz. Nuarbeko Ibai-Eder urtegiaren egoera ere gisa horretakoa da; edukieraren %80,9 dago beteta egun, iaz baino zertxobait gehiago –%79,66 zegoen beteta urte sasoi honetan iaz–. Honako lotura honetan ikus daiteke Gipuzkoako urtegien egoera.

Dena den, hasi dira arazoak sortzen Hego Euskal Herriko herri batzuetan. Esaterako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %10 erreka txikietatik nahiz iturburuetatik hornitzen da urez, eta horiek arazoak dituzte dagoeneko. Busturialdea da eremu geografiko horietako bat; ur eskasia dela eta, haren presioa jaisten ari dira eskualde horretako herrietan gauetan. Ipar Euskal Herrian ere hasi dira arazoak ur falta dela eta; 102 herritar ezarri dituzte uraren kontsumoa murrizteko neurriak.