Ekain Ibarguren, 'Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte' dokumentalaren protagonisten artean

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2022ko eka. 22a, 09:00
Ekain Ibarguren artista. (Mireia Galarza)

Ibarguren ez da izan dokumentalean parte hartu duen azpeitiar bakarra; izan ere, dokumentala gauzatzea Amaia Gurrutxagaren ideia izan da, eta hark egin dizkie elkarrizketak ikus-entzunezkoan parte hartu duten zazpi gazteei. Halaber, Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibak ekoiztu du lana.

Lanartea euskararen langile profesionalen elkarteak Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala ondu du, eta ikus-entzunezkoaren protagonistetako bat da Ekain Ibarguren aktore, pailazo eta malabarista azpeitiarra. Elkarteak zuzenean edo zeharka euskara tresnatzat daukaten euskararen edozein lanbidetako profesional autonomoak hartzen ditu barnean, eta gazteenen esperientziak bildu nahi izan ditu lanarekin.

Guztira, kultura egiten eta interpretatzen duten zazpi gazte elkarrizketatu dituzte dokumentalerako, eta lan hori egiteko ardura beste azpeitiar batek izan du: Amaia Gurrutxaga kazetariak. Gurrutxaga Lanartea elkarteko koordinatzaile lanetan ari da egun, eta proiektua gauzatzeko ideia ere berea izan da. Dokumentalean, helduak izatean artista izatea nahi ote zuten erantzun behar izan dute protagonistek, baita etorkizunean beren burua nola eta non ikusten duten ere. Bakoitzak dituen ametsak, ekinak eta ezinak aletuz, kultur munduaren nolakoaren eskema zirriborratu dute zazpi lagunek.

Gainera, Kulturaz kooperatibak ekoiztu du Loreak belaunetan. Kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala. Azpeitiko kultur kooperatibako lantaldearen ardura izan dira irudiaeta soinua. Aste honetan hasi dira dokumentalaren aurrestreinaldiak egiten. Herenegun, esaterako, Donostiako Teila Fabrikan aurkeztu zuten ikus-entzunezkoa, eta gaur, asteazkena, Bilboko Bira kulturgunean aurkeztuko dute, 19:30etik aurrera.

Honako lotura honetan irakur daiteke Berria egunkarian dokumentalaz egindako erreportajea.