Azpeitiarrek ere eskatu dute Hezkuntza Lege berrian euskarazko kultur transmisioa bermatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2022ko eka. 17a, 13:50
Atzo Donostiako agerraldian parte hartu zutena. (Utzitakoa)

63 kultur eragilek eta sortzailek eman diote babesa atzo jendaurrean aurkeztu zuten eskaerari, eta tartean dira, besteak beste, Alaitz Olaizola eta Mielanjel Elustondo. Eskaeran jaso dituzten kezkek eta beharrek Azpeitian egindako Sormenean hezi, kulturaz bizi jardunaldietan dute iturburua.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria ontzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta lege horretan euskarazko kultur transmisioa bermatzeko neurriak eta tresnak jasotzea eskatu dute euskal kulturgintzako hainbat eragilek eta sortzailek. Administrazioari eskatu diote legean berariaz jaso dezatela euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatuta egongo dela, eta prest agertu dira helburua hori gauzatzearen alde elkarlanean aritzeko.

Hain zuzen ere, 63 eragilek eta norbanakok eman diote babesa atzo jendaurrean plazaratu zuten testu bateratuari, eta horien artean daude Alaitz Olaizola eta Mielanjel Elustondo azpeitiarrak; Donostian egin zuten agerraldia eragileetako ordezkariek, eta tartean izan zen Amagoia Gurrutxaga, Lanartea euskararen langile profesionalen elkartea ordezkatuz.

Hezkuntza Legeak euskarazko kultur transmisioaren bermea jaso dezan eskarien iturburua 2019an Azpeitian egindako Sormenean hezi, kulturaz bizi jardunaldian dagoela aipatu dute eragileek. Jardunaldi horien bigarren edizioaren saioetako bat ere Azpeitian egin zuten iaz.

Hemen, Berriak atzoko agerraldiaz egindako albistea.