Di-da!

Autismoaz hitz egin du Orbegozo-Zalbide familiak ETB1eko 'Biba zuek!' saioan

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2022ko ots. 9a, 12:15

Luken Orbegozok 14 urte ditu, autismoa du, eta Nekane Zalbideren eta Aritz Orbegozoren semea da. Atzoko 'Biba Zuek!' saioan parte hartu zuten hirurek, eta autismoaz hitz egin zuten. Autismoa duten pertsonek izan behar dituzten eskubideak aldarrikatu zituzten.

Aritz Orbegozo, Nekane Zalbide eta Luken Orbegozo semea ETB1eko Biba zuek! telebista saioan izan ziren atzo, asteartea. Lukeni autismoa diagnostikatu zioten duela urte batzuk, eta gurasoek semearen, eta oro har, autismoaren inguruan hitz egin zuten Xabier Sukia telebista aurkezlearekin batera.

Aitak semeari autismoa diagnostikatu zioten unea izan zuen gogoan, baita diagonstikatu ondoren familiak hartu zuen bidea ere; izan ere, Lukenek Azkoitiko Ikaskirol krosean parte hartu zuen, eta une haren garrantzia nabarmendu zuten atzo. Semearen orduko irakasle batek Lukenen izena eman zuen lasterketarako, eta hark proba egin zuen.

Krosaren ondoren familiak "txip aldaketa" izan zuen. "Ikusten ez dena ez da existitzen" azaldu zuten. Hori horrela, familiak aldarrikatzeko beharra sentitu zuen. ''Gure betebeharra da plazaratzea autismodun pertsonek aukera berdinak izan behar dituztela'', azaldu zuten. Gutuna ere plazaratu zuen familiak, eta gizartean izan zuen erantzuna oso ona izan zen. "Pertsona gutxi batzuk horrenbeste laguntzen badigute, guztiak sentsibilizatuz gero zenbat lagunduko ligukete?". Galdera horri erantzun nahian sortu zuten gerora Marea Urdina elkartea.