Alberto Berzalek 'Express' telesailean parte hartu du

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2022ko urt. 26a, 09:32
Alberto Berzal –ezkerrekoa– 'Express' serieko atal batean. (Alberto Berzal)

Strazplay streaming plataformak eta The Mediapro Studiok ekoiztutako lana da, eta Berzal bi ataletan agertuko da. Bahiketa azkarretan oinarritutako thriller generoko seriea da Express.

Alberto Berzal aktore azpeitiarrak oraintsu kaleratu duten Express telesailean parte hartu du. Strazplay streaming plataformak eta The Mediapro Studiok ekoiztutako lana da, eta Berzal bi ataletan agertuko da: Los platillos chinos eta El negocio del miedo.

Bahiketa azkarretan oinarritutako thriller generoko seriea da, eta plataforma horretan atal bat emango dute igandero –dagoeneko bi eman dituzte–. Hainbat aktorek osatu dute telesaileko taldea, hala nola Maggie Civantosek, Vicente Romerok, Ana Marzoak, Esteban Melonik nahiz Loreto Mauleonek.

Berzalek telebistan, zineman zein antzerkian hainbat lan egin ditu. Besteak beste, Madres, Pulsaciones, Eskamak kentzen eta Hispania telesailetan; Divinas palabras zein 1984 obretan; eta Soinujolearen semea nahiz Zorion perfektua filmetan.

Honako lotura honetan irakur daiteke Urola Kostako Hitza egunkariak 2017an Berzali egindako elkarrizketa.