Xabier Euzkitzeren pasadizoak, beste bertsolari batzuen ahoetatik

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2021ko mai. 3a, 10:05
Euzkitze akrilikoan egindako lan batean. (Pilar H. Sokobehere)

Bertsolari aldizkariak Egañaren belaunaldia deitu dio kaleratu duen azken zenbakiari, eta garai eta giro bati lotutako hainbat pasadizo bildu dituzte aldizkariko lerroetan eta orrietan. Izan ere, Bertsolariko kideen arabera, belaunaldi horrek "lurrikara txiki bat" sortu zuen bertsolaritzaren historian. Egañaren belaunaldi deiturikoari lotuta, hainbat bertsolarirekin hitz egin dute, hala nola Mikel Mendizabalekin, Iñaki Muruarekin, Millan Telleriarekin, Anjel Mari Peñagarikanorekin, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxerekin, Jokin Solozabalekin, Xabier Euzkitzerekin eta Sebastian Lizasorekin.

Hamar bertsolari horiek beste kideei buruzko gertakariak, pasadizoak, oroitzapenak eta gogoetak eskatu dizkio Bertsolari aldizkariak, eta gaur sareratu dituzte gainerako bertsolariek Euzkitzez esandakoak. Hona hemen

Lizasok kontatua: "Berak seguru asko gordeko duen kontu bat badaukat Euzkitzeri buruz. Beti ibili da ez azkoitiar eta ez azpeitiar. Bertsotan hasi zen arte nik ez nuen ezagutzen, eta, hasi zenean, azkoitiarra zela esaten zuen. Behin, galdetu nion zer kontu zen hori, eta, txiki-txikitatik azkoitiartzat zuela bere burua, erantzun zidan, izena ere, Euzkitze, hangoa zuela eta kuadrilla ere hangoa, eta horrelako arrazoiak eman zizkidan. 'Nik bazekiat, ba, hiri pasatutako gauza polit bat', esan nion.

— Ez al hinduten Herriartekotik bidali azpeitiarra hintzelako? —jarraitu nuen. Eta hitzik gabe utzi nuen. Nonbait, Herriarteko gaztetxoen txapelketan, azkoitiarrekin jarri zuten pilotan eta, salaketaren bat tarteko, bota egin zuten, baina isilik gordeta zuen kontua.

— Hiri zeinek esan dik hori? —galdetzen zidan.

— Egia ala gezurra? —jarraitu nuen nik, eta egia zela aitortu zidan".

Honako lotura honetan irakur daitezke bederatzi bertsolarik Euzkitzez kontatutako pasadizo eta kontakizun guztiak.