Otaegi eta Txikiren alde, Stockholmen

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2020ko eka. 13a, 12:53

1986ko otsailaren 28an hil zuten Olof Palme Suediako lehen ministroa. Orain, Palme hil zutenetik 34 urtera, itxitzat eman dute ikerketa. Krister Petersson fiskalak joan den asteazkenean, ekainaren 10ean, aurkeztu zituen ondorioak —2017an hartu zuen ikerketaren ardura—. Peterssonen arabera, Stig Engstrom diseinatzaile grafikoa izan zen lehen Palmeren hiltzailea.

Berriak jakinarazi duenez, Suedian manifestazio jendetsuak egin zituzten Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Txiki zarauztarra fusilatu ez zitzaten eskatuz. Guztien buru, ordurako gobernuburu zena: Olof Palme. Lehen ministroa Stockholmeko kaleetara atera zen, kondenatuentzako laguntza eske.

Palmek ez ezik, Vatikanoko buru Paulo VI.ak ere exekuzioak bertan behera uzteko eskatu zion Francisco Franco diktadoreari. Bartzelonako Abokatu Elkargoan protesta bat baino gehiago egin zuten, eta Nicolas Franco diktadorearen anaiak ere ondo pentsatzeko eskatu zion. Maria Otaegi, Otaegiren ama, berriz, Jubany kardinalarekin eta Iniesta apezpikuarekin bildu zen. Txiki eta Otaegi, ordea, 1975eko irailaren 27an hil zituzten.