Alkate berria izango du Hazparnek

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2020ko mar. 16a, 12:51

Isabelle Pargadek irabazi ditu bozak eta bigarren itzulira joan beharrik gabe, botoen erdiak baino gehiago batu baititu, Beñat Intxausperen lekukoa hartuko du Azpeitiarekin senidetutako Lapurdiko herrian.

Udal hauteskundeak egin zituzten atzo Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian ere bozetara deituta zeuden herritarrak. Bozen lehen itzulia zen atzokoa. Zerrendaren batek botoen erdia baino gehiago lortu duen udalerrien kasuan, ordea, bigarren itzulirik ez dute beharko udal berriaren eraketa erabakitzeko, eta horixe izan da Hazparneren (Lapurdi) kasua. Gainera, alkate berria izango dute aurrerantzean Azpeitiarekin senidetuta dagoen herri horretan: Isabelle Pargade, Hasparren Au Coeur/Hazparne Bihotzean zerrendaren burua. 1.805 boto lortu zituen Pargaderen hautagaitzak.

Horrela, 2008tik alkate izan den Beñat Intxausperen lekukoa hartuko du Pargadek. Hain zuzen ere, Intxausperen Unis Pour Hasparren/Hazparne Azkar Eta Erne zerrenda izan zen bigarrena atzo, 1.176 bozekin. Kristian Etxetto buru duen Herritarrekin (327 boto) zerrenda zen hirugarren lehiakidea Hazparnen. %62,74ko parte hartzea izan zen atzo Hazparnen.