Kalean da 'ZUT' euskarazko aldizkari digitala

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2019ko aza. 22a, 12:24

Gazteentzako aldizkari digitala jaio berri da: ZUT. Lehen zenbakia aurkeztu zuten atzo goizean Donostiako Tabakalerako 2deo aretoan, gazte talde baten eta komunikabideen aurrean. Gaztezuloren eta ADM SLren –Tokikom, Esguard, Anboto, Baleike, Goiena eta Euskalerria Irratia– artean sortutako proiektua da ZUT, eta gazteak hartzaile ez ezik, parte hartzaile izatea helburu duen eta ikus-entzunezkoak oinarri dituen produktu multimendia da. Berezitasun nabarmen bat ere badu, gainera: "Ez biratu mugikorra; edukiak ZUTik, bertikalean ikusi!".

Goienako Josu Bilbao kazetariak aurkezpenaren hasieran adierazi zuen moduan, kalitatea, eduki bertikalak eta ikus-entzunezkoak ziango dira ZUT aplikazioaren hiru zutabeak: "ZUT aldizkari digitala eskuko telefonoetan kontsumituko den proiektua da. Doako aplikazio bat da, edukiak atalka aurkeztuko dituena. ADM SLk egiten duen Ttap aldizkariak badu anai-arreba teenager-a". Tente, zutik, zuzen. Hain zuzen ere, aldizkariari izena hortik datorkiola nabarmendu du Bilbaok: "Gazteek gaur egun edukiak kontsumitzeko duten joerari egiten dio keinu, eta mugikorra zutik mantentzeari, formatu horizontalera biratu gabe".

Aldizkariaren protagonistak

Hamabostean behin eduki berriak doan eskuratzeaz gain, aurretik eskainitakoak behin eta berriz erreproduzitzeko aukera izango dute gazteek. Euskara hutsean eskainiko dute aldizkari erabat berritzailea. "Euskal Herrian ez da horrelako proiekturik ezagutzen". Ikus-entzunezkoak eta sare sozialak –Instagram, Tik-Tok– izango dira aplikazioaren ezinbesteko aliatuak: testu gutxi eta irudi eta bideo asko.

Interakzioa bilatzen du aldizkariak, eta horretarako gazteen parte hartzea ezinbestekoa da; kontsumitzaile aktiboak izatea nahi dute haren sustatzaileek, haiek izango baitira aldizkariaren protagonistak. Sare sozialak ZUTen eskutik joango dira une oro, gazteen hizkuntza teknologikora egokitzea izango baita apustu sendoena. Eduki gehigarriak sortuko dituzte sare sozialen bidez, erronken bidez eta haien parte hartzearen bitartez.

Beitu!-ren garapena edo jarraipena da; izan ere, orain bi urte sortu zen hedabide digital horrek gaur egungo gazteen kontsumo ohiturei egokitzeko ahalegina egingo du. ZUTen bidez ikus-entzunezkoen aldeko apustu sendoa egingo dute, eta Beitu!-n, ohiko mezu bidalketa sistemaren bitartez, testuz lagunduta doazen eduki sakonagoak jorratzen jarraituko dute. Proiektu beretik eta helburu berarekin jaio diren bi adar: euskal gazteak euskarazko edukiak kontsumitzeko joera berreskuratzen.

Gazteekin bi Focus Group egin dituztela jakinarazi zuen Gaztezuloko zuzendari Gaizka Izagirrek, prototipoa kontrastatu eta haien ekarpenak jasotzeko. "Garrantzitsua iruditzen zitzaigun gazteek benetan zer nahi zuten jakitea, eta zuzenean haien ekarpenak bildu ditugu edukiak lantzeko eta, batez ere, horiek zabaltzeko moduari buruz hausnartzeko".

Ixa-Serie aplikazioa

"Euskal Herriko lehen serie aplikazioa ZUTen bidez ikusi ahalko da soilik eta mugikorrek eskaintzen dituzten erreminta guztiak ezinbestekoak izango dira telesailean murgiltzeko. Berritzailea, estetikoki boteretsua, ausarta eta gazteek oso gustura kontsumituko dutena", azaldu zuen Izagirrek. Aurkezpenean IXA lantaldeko ikerlariak ere izan ziren, eta proiektuan parte hartu duten hainbat aktore ere bai.

Gainerako atal finko batzuk ere izango ditu aldizkariak: ikus-entzunezko formatuan grabatuak eta Instagram storie-en kutsua izango duen elkarrizketa sorta freskoa, arina eta dibertigarria, musika atala, youtuberren iritziak eta hausnarketak bilduko dituen gunea, telesailen gaineko gomendioak, moda aholkuak, esketx formatuan edota era freskoan egindako sexologia tartea eta oso garrantzitsua izango den lehiaketa-erronka atala.

Erabiltzaileen parte hartzea ezinbestekoa izango denez, proiektuaren bultzatzaileek esan dute edozein ekarpen ongietorria izango dela ZUTera: "Ez dugu nahi gazteak app-ean soilik geratzea, hortik kanpo sare sozialen bidez gurekin harreman zuzena izatea baizik".