Alaitz Aizpuru eta Haritz Garmendia, Joxe Azurmendiren pentsamenduari buruzko kongresuan

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2019ko aza. 19a, 20:10
Joxe Azurmendi filosofoa. (Jakin)

Abenduaren 11tik 13ra egingo dute Joxe Azurmendi filosofoaren ekarpena gaur egungo begiradatik aztertzeko eta lantzeko biltzarra Donostian. Kongresu horrek 50 aditu elkartuko ditu, eta hizlari horien artean daude Alaitz Aizpuru eta Haritz Garmendia azpeitiarrak. Jakinek, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute kongresua.

Abenduaren 11tik 13ra Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941) filosofoaren ekarpena gaur egungo begiradatik aztertuko eta landuko dute Donostiako San Telmo museoan egingo duten biltzarrean. Jakinek, EHUk nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu duten kongresuak 50 aditu elkartuko ditu, eta horiek Azurmendiren lana ertz desberdinetatik aztertuko dute.

Aditu horien artean izango dira bi azpeitiar: Haritz Garmendia EHUn doktoregaia eta Alaitz Aizpuru filosofian doktorea. Garmendiak abenduaren 12an hitz egingo du, 17:15etik 18:45era artean, Ikertzaile Berriak II saioan. Aizpuruk, berriz, abenduaren 13an, 09:00etatik 10:00etara bitartean hitz egingo du, Haritz Azurmendi Gizarte Zientzietan doktorearekin batera. Bi azpeitiar horiez gain, besteak beste, hizlari ariko dira biltzarrean Pako Sudupe, Elixabete Garmendia, Juan Ignacio Perez Iglesias, Eduardo Apodaka, Victor Gomez-Pin, Aitzpea Leizaola, idurre Eskisabel, Ekai Txapartegi, Fito Rodriguez, Mirene Zufiaurre eta Elena Martinez Rubio.

Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia da abendurako Donostian antolatu duten kongresuaren izenburua. Antolatzaileek azaldu dutenez, Joxe Azurmendi Euskal Herri garaikideko "pentsalaririk oparoena" da. "Azurmendik filosofia, politika, hizkuntza, kultura eta literatura izan ditu aztergai, diskurtso zehatzak, unean unekoak eta egoerari erantzuten ziotenak, eta arnasa luzeko gogoeta teorikoekin uztartu dituenak. Argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak horren lekuko dira".

Kongresuan edonork parte har dezake, baina aldez aurretik izena eman beharra dago. Kongresuaren inguruko informazio guztia Jakinen webgunean dago ikusgai.