"Tiraderan gordetako" bi abesti berri kaleratu ditu Errimek

Erabiltzailearen aurpegia da hau Di-da! | Kultura
2019ko abu. 27a, 17:02

Itzalpeko lanean aritu dira Errime musika taldeko kideak udan, eta orain arte isildutako bi kantu berri kaleratu dituzte: Chelsea hotela eta Lore hori naiz. Errimeko musikarien hitzetan, "isiltasun mugagabea hauste aldera" erabaki dute "tiraderan gordetako" kantak grabatzea eta argitaratzea. Chelsea hotela izeneko abestia Lehonard Cohenen Chelsea hotel kantaren euskarazko bertsio bat da. Lore hori naiz kantua, aldiz, Alfonsina Storniren olerkia da, Uxue Alberdik itzulitakoa eta Errimek musikaz jantzitakoa.

Abestien grabaketa, nahasketa eta masterizazioa Azpeitiko 2Noisy estudioan egin dute, Oihan Lizasoren gidaritzapean. "Soinuaren ederra berari zor diogu", diote Errimeko musikariek. Kolaborazioak ere izan dituzte abestiotan; Lore hori naiz kantuan entzun daitekeen emakumezko ahotsa Leire Amenabarrena da eta bideoetan ageri den irudia Peru Iparragirrerena.

2016an hasi zen Errimeren hegaldia. Jon Gurrutxaga, Unai Martinez, Felipe Murillo eta Asier Aizpuru azpeitiarrek eta Paul Beitia eta Patxi Gabilondo zarauztarrek sortu zuten taldea. Sorkuntza Bekari esker aurreneko maketa kaleratzea lortu zuten urte hartako urrian. Lehen kontzertua, aldiz, 2017ko martxoan eskaini zuten, Sanagustin kulturgunean. Orduko hartan Ruper Ordorikarekin elkarbanatu zuten oholtza. Aurreneko zuzenekoaren ostean beste hainbat eman zituzten Euskal Herriko hainbat eta hainbat txokotan. 2018ko otsailean eskaini zuen Errimek taldearen azken kontzertua, Azpeitiko Gaztetxean. Musikari gazteek agurreko zuzenekoan esan zutenez, "ezin jakin zer gertatuko den etorkizunean", eta isiltasun mugagabea hautsita, oraingoz bi abesti berri utzi dituzte. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu