Xabat Manzisidor bikain, Zegama-Aizkorri mendi lasterketan

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2019ko eka. 2a, 18:38
Xabat gaurko lasterketan.

Azpeitiarra saikapeneko 36. postuan helmugaratu da, ibilbidea 4 ordu, 35 minutu eta 27 segundotan bukatuta. Ez da aurtengoa izan Manzisidorrek Zegama-Aizkorrin parte hartu duen lehen aldia, baina denborarik onena gaurkoan lortu du.

Xabat Manzisidor lasterkari azpeitiarrak bikain osatu du Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 18. edizioko ibilbidea; izan ere, azpeitiarra 36. postuan helmugaratu da, ibilbidea 4 ordu, 35 minutu eta 27 segundotan bukatuta. Ez da aurtengoa izan Manzisidorrek Zegama-Aizkorrin parte hartu duen lehen aldia, baina denborarik onena gaurkoan lortu du. Adibidez, iaz 5 ordu, 11 minutu eta 31 segundo behar izan zituen lasterketa bukatzeko, eta 2017an 4 ordu, 48 minutu eta 33 segundo (107. sailkatu zen).

10.000 lagun inguruk eman zuten gaurko probarako izena, baina horietatik 500 korrikalari pasatxok baino ez dute lortu dortsala: bi azpeitiar izan dira horien artean, Xabat Manzisidor eta Ruben Aranburu. Aranburuk lasterketa utzi behar izan du 26. kilometroaren inguruan, belauneko mina tarteko.

Kilometro bertikala

Bestalde, ostiralean izan zen Zegama-Aizkorri kilometro bertikala, eta han ere bi azpeitiarrek parte hartu zuten: Jexux Mari Errazu eta Jexux Zelaia. Errazuk 45 minutu eta 8 segundotan bukatu zuen proba, eta 34 sailkatu zen sailkapen orokorrean; Zelaiak, berriz, 47 minutu eta 23 segundo behar izan zituen proba gauzatzeko, eta hura 56 sailkatu zen.