Kutxa Kultur Musika programaren barruan, kontzertu akustikoa eskainiko du Ro taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2019ko mar. 22a, 12:26

Azkoiti-Azpeitiko taldeak bihar, zapatua, eskainiko du kontzertua, Donostiako Tabakaleran. Berezia izango da zuzenekoa, besteak beste, modu akustikoan eskainiko dituztelako abestiak eta  seikote moduan igoko direlako taula gainera. Gainera, musikari irudiek lagunduko diote.

Kutxa Kultur Musika programaren barruan, Ro Azkoiti-Azpeitiko taldeak kontzertua eskainiko du bihar, zapatua, Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur plazan, 20:00etan. Taldeak adierazi duenez, emanaldi "berezia" izango da biharkoa, besteak beste, Kutxa Kultur Musika egitasmoaren barruan eskainiko duten lehenengo kontzertua izango delako, eta gainera, modu akustikoan taularatuko dituztelako abestiak. Iker Amenabar azpeitiarrak –baxua– eta Gorka Alcalde -gitarra-, Josu Usobiaga –bateria–, Iñigo Gonzalez –gitarra– eta Mikel Iraeta –sintetizatzailea/teklatua– azkoitiarrek osatzen dute taldea, baina biharkoan seigarren lagun bat izango dute ondoan: Iraia Bereziartua azpeitiarra. Hark biolinarekin eta biolontxeloarekin lagunduko die taldekidieei. Horrez gain, Donostian emango duten kontzertuak izango du beste berezitasunik; izan ere, pantaila erraldoi baten bidez, kontzertuan zehar emango dituzten irudiek ere tarte berezia izango dute.

Kutxa Fundazioak joan zen azaroan hautatu zuen Ro musika taldea Kutxa Kultur Musika 2018 egonaldi programan parte hartzeko. Bost hilabete lehenago hasi zuen taldeak bere ibilbidea Azkoitiko Matadeixen, orduan aurkeztu baitzuen lehen singlea: Ilhunbean esan-egina. Postrock eta rock experimentalaren bueltan sortu dituzte abestiak bost musikariek.