15 urte betetzen ditu gaur 'Urola Kostako Hitza' egunkariak

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2019ko ots. 20a, 10:59

2004ko otsailaren 20an ikusi zuen argia Urola Kostako Hitza egunkariaren lehen zenbakiak. Horrenbestez, gaur, asteazkena, 15 urte bete ditu egunkariak. 2003ko otsailean, Espainiako Audientzia Nazionalaren aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Guardia Zibilak, eta 2003an bertan sortu zuten Berria, euskarazko egunkari nazionala. Hain zuzen ere, Egunkaria itxi eta urtebetera, 2004ko otsailaren 20an, ezagutu zuten herritarrek eskualdeko produktu berria: Urola Kostako Hitza.

Ordurako eskualdean baziren herri aldizkariak, hala nola Azkoitian Maxixatzen, Azpeitian Uztarria, Getarian Artzape, Orion Karkara, Zestoan Danbolin, Zarautzen Txaparro eta Zumaian Baleike. Eta, hain zuzen ere, eskualdeko herri aldizkari, euskara elkarte nahiz eskualdeko eragile batzuen eta Euskarazko Komunikazio Taldearen (EKT) artean sortu zen Urola Kostako Hitza egunkaria. Proiektuan eskualdeko hainbat elkartek parte hartu zuten: Txaparro (Zarautz), Uztarria Komunikazio Taldea (Azpeitia), Baleike (Zumaia), Danbolinzulo (Zestoa) eta Artzape (Getaria). Enpresaren hirugarren hanka, berriz, gizarte eragileek osatu zuten.

Gaur egun, asteartetik ostiralera argitaratzen da Urola Kostako Hitza egunkaria, eta eskualdeko 11 herrietako informazioa eskura daiteke berripaperari esker. Gainera, egunero-egunero irakur daitezke eskualdeko albisteak Urola Kostako Hitzaren webgunean.