'Käffka' antzezlaneko kideak 'Gure kasa' telebista saioan izan dira

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2019ko urt. 25a, 16:57

Erika Olaizola azpeitiarra da obraren zuzendarietako bat, eta hura ere izan zen atzoko saioan, antzezlanaren nondik norakoak azaltzen. Igandean estreinatuko dute obra, Bilbon.

Estreintzatzear den Käffka antzezlaneko kideak ETB1eko Gure kasa telebista saioan izan ziren atzo, osteguna. Erika Olaizola azpeitiarrak eta Miren eta Amancay Gaztañagak osatzen duten Kamikaz kolektiboak ondutako lana da Käffka, eta Iraia Elias, Mikel Ibarguren, Edurne Azkarate, Amaia Irazabal eta Oier Guillan dira aktoreak. Julen eta Antton Telleriak gidatutako saioan izan zen atzo Olaizola, lantaldeko hainbat kiderekin batera, obraren inguruko nondik norakoak azaltzen. Lotura honetan ikus daiteke saioa osorik.

Gehitu Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkartearen enkarguz mamitu du antzezlana Kamikaz Kolektiboak. Lesbianismoa ikusaraztea da obraren helburua. Igandean, urtarrilak 27, estreinatuko dute antzezlana, Bilboko Pabellon 6 aretoan, 19:00etan. Azpeitian ere eskainiko dute emanaldia, otsailaren 15ean, 19:30ean, Soreasu antzokian.