Apustu negoziazioaren lekuko izango da bihar Mendizabal erretegia

Erabiltzailearen aurpegia da hau Di-da! | Kirolak
2019ko urt. 11a, 16:30

Bihar ere apustu negoziaziorako txoko bilakatuko da Landetako Mendizabal erretegia; izan ere, Imanol Albizu Goikoetxe harri-jasotzaile elgoibartarrak erronka bota zion Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarrari joan zen urtarrilaren 6an, Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia kirol saioan, eta biharko jarria dute erronkaz hitz egiteko hitzordua Azpeitian. Desafioan 125 kiloko kubikoarekin hamar minutuko hiru txanda egitea proposatu dio Goikoetxek Izeta IV.ari, eta bihar akordiora iristen badira, apirilean izango da erronka, Azpeitiko zezen plazan.

Goikoetxek esan duenez, kubikoarekin bota dio erronka Izetari, hark bestela ez zukeelako onartuko apustua: "Hodei artista bat da kubikoarekin". Goikoetxek uste du Izeta IV.ak esperientzia ere alde duela, bere aurreneko desafioa izango delako eta zarauztarrak "esperientzia" duelako "joko-asuntoan". Goikoetxek dioenez, baina, desafioa jokatzeko unea da: "Beti eduki dut jokatzeko grina, eta heldu da unea. Aspaldian, gainera, harri-jasotzaileen arteko apustu gutxi egiten dira". Izeta IV.ak, berriz, gogotsu hartu du erronka, "lan gogorra" dela adierazi badu ere.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu