Aitor Sarasuak Joxe Lizasori txaloentzat tartea eskatu zionekoa

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2018ko aza. 15a, 13:23

Gaixotasun luze baten ondorioz, atzo hil zen Aitor Sarasua (Aretxabaleta, 1967) bertsolaria, Itsasun (Lapurdi). Berehala zabaldu zen albistea sare sozialetan, eta haren izana goraipatzeko hainbat mezu idatzi zituzten Twitterreko erabiltzaileek; tartean, Xabier Paya bertsolariak. Hark Sarasuak eta Joxe Lizaso zenak duela urte ugari Tolosan eskaini zuten bertso saioko bideo bat ekarri zuen gogora. Izan ere, Sarasuak ikus-entzuleen txaloen zain egoteko eskatu zion bertsoaldi batean azpeitiarrari. 

Jexux Mari Irazu aritu zen saio hartan gai-jartzaile lanetan, eta honako gai hau jarri zien bi bertsolariei: "Aitona-bilobak zarete. Biloba galdera asko egiteko garaian dago. Zuk erantzun". Hasi ziren bertsotan txandaka, eta hala bukatu zuen bigarren bertsoa Sarasuak: "Zergatik kantatzen duzu txaloei itxoin gabe?". Eta Lizasok hurrengo bertsoan zera erantzun zion: "Ni enaiz etorri txaloak aitzera".

Lizaso pronto azkarreko bertsolaria zen, txaloetarako tarte gutxi uzten zuen horietakoa, eta ez zen joango txaloak entzutera Tolosako saiora, baina entzun, entzun zituzten. Izan ere, ikus-entzuleek txalo zaparrada ederra eskaini zieten bi bertsolariei.