Paulo Coelho: "San Inazio erreferentzia da niretzat"

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2018ko abu. 28a, 11:44

Paulo Coelho idazleak XL Semanal aldizkarian egindako elkarrizketan hainbat bizipen kontatu du. Besteak beste, Loiolan izan zenekoa ekarri du gogora solasaldian.

XL Semanal Espainiako aldizkariak Paulo Coelhori egindako elkarrizketak hautsak harrotu ditu azken asteetan, idazleak kazetariari egindako adierazpenak direla eta. Hippie bere azken liburuaren harira elkarrizketatu dute brasildarra, eta liburuaz gain, bere bizitza izan du hizketagai. Besteak beste, Loiolara etorri zeneko pasartea izan du gogoan elkarrizketan. Hark adierazi duenez, umetan jesuiten ikastetxe batean ikasi zuen, eta ondoren, erromesaldian joan zen Loiolara, "apaizek irakatsi ez ziotena ikustera". Horrez gain, honako hau adierazi du solasaldian: "San Inazio erreferentzia da niretzat, baina apaizek heziketa zurruna eman zidaten: 'Ezin duzu hori jan', 'ezin duzu beste hori egin'... esaten zidaten. Erlijioa gorrotatu egiten nuen garai batean, apaizek gauzak inposatzen zizkidatelako, eta ni ez naiz horrelakoa. Beti aukeratu izan dut, ondorioengatik ordaindu beharrekoa edozer izanda ere".