Erokomerik 'Sarean gaude' abestia aireratu du, disko berria aurkezteko atarian

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2017ko aza. 3a, 11:24

Erokomerik single berria kaleratu du gaur, azaroak 3. Erlojuek 12:00ak jotzearekin batera plazaratu dute erromeria taldearen aurreneko diskoko Sarean gaude abestia, eta jada entzungai dago Interneten. 

Maialen Bastida Erokomeriko abeslariak azaldu duenez, izAn du izena disko berriak, eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute. Abenduaren 7an, osteguna, zuzenekoa eskainiko dute Ahotsenean, 16:20ean hasita. Era berean, postua jarriko dute Durangoko Azokan, eta bertan eskuratu ahal izango da Azpeitiko taldearen azken lana.

Azpeitiar abeslariak aurreratu du hamar kantuz osatutako diskoa dela izAn, eta egindako lanarekin gustura gelditu direla kontatu du. Iaz hasi ziren lanean diskoa ateratzeko, baina uztaila, abuztua eta iraila bitartean borobildu zuten lana. Orain, aurreneko kantua aurkeztuta, diskoaren hegaldia prestatzen jarraitzeko asmoa dute.

2014ko abenduan ekin zion bideari Erokomerik. Orduan bost lagun ziren oholtzaz oholtza ibiltzen zirenak, baina orain zazpi taldekide dira, eta horietako bost azpeitiarrak dira: Maialen Bastida (ahotsa), Asier Aizpuru (bateria), Martin Altuna (trikitia) Unai Olaizola (gitarra) eta Eider Iturralde (panderoa).