Euzkitze, alabaren "eritasun arraroaz"

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2009ko mar. 13a, 11:03

Xabier Euzkitzek alaba "eritasun arraro" batez daukala jakinarazi zuen igandean Noticias egunkarian, ohiko zutabean.

Irriño ezti batez

(...) Eritasun arraroak ugaltzen ari direla jakinik ere, kukuak oker jotakoak denok ezagutu arren, ez dugu uste izaten halako makurrik egokituko zaigunik. Halako batean, danba!, gehien erasango dizun leku hartan, bereziki hunkitu eta minberatuko zaituen tokian jotzen zaitu halabeharrak.

Sasi artean jaiotako txita besteak baino iheskorragoa izan ohi da normalki, bizia eta gogorra. Gure kuttun txikiak lehen argia ikusi zuen zubipean ez zen sasirik izango, ez emaginik ere. Halakoxea irten da: iheskorra, bizia eta gogorra. Gaitzak ederki otzandu du, tamalez. Bai gu ere. Itxaropen izpi bat ikusi nahi, haren argitan kuraiari heltzeko, eta ezin beltzetik grisera hurbildu. Kuttun txikia bera izan da gogorren eutsi diona, denok zutik atxiki gaituena. Sortze beretik bizitzaren alderik latzenak ikusiak dituelako, agian. Bitarte tristean, medikuak jo eta su saiatu dira sendabidean jartzen, zezaketen guztia eta gehixeago egin dute eritasunaren jatorria zehaztu eta guri hain premiazko genuen itxaropen izpia eskaintzeko. Inoiz ahantziko ez dugun ahalegina.

Oraindik dena ikuskizun da, baina argi printza bat ikusten hasi gara, ustez. Ordu gutxi barru, astelehen goizaldean, beste ospitale baterantz abiatuko da gure esperantza. Ameskaizto honetatik esna gaitezenean, Donostiakora itzuliko gara, gure poza itxaropena eman ziguten haiekin partekatzera. Gure kuttun txikiak hitza moteldua du baina, abiatu aitzin, irriño ezti batez esango die orain arte artatu dutenei: Ramon, Felix, Izaskun, Nere…zaindu nauzuen guztioi, eskerrik asko bihotzez!!!