"Ezer banaiz horixe naiz, bertsolaria"

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2008ko abe. 19a, 16:12

Xabier Euzkitzek joan den igandean Noticias de Gipuzkoa-n.
---

Zorion betea, zoritxar hutsa

Autosez askotan, trenez maiz, autoestopean inoiz. Halaxe ibili behar izaten nuen nire lehen urratsetako bertso saioetara joateko. Artean gida-baimena izateko adinik ez, baina ilusioz beterik, bizi-pozez gainezka. Lauzpabost egun lehenagotik beste konturik ez buruan, pentsamentuan.

Aste honetantxe, hilaren 11n bete dira 10 urte bertsogintza utzi nuenetik. Lehen urratsetako saio haietatik urte asko iragan ondoan, hainbat ibilera, esperientzia eta kilometroren buruan, Soraluzeko oholtzaren gainean sentitu nuen azken deia, mundu hari behin betiko etena emateko unea huraxe zela adierazi zidan abisua. Adio, bertsozale! Maite zaitut oso. Etenak urruntzea dakar, barneak hala eskaturik. Kitto. Adio, ene maitea, adio sekulako. Denborak zauriak sendatzen ditu, dena erlatibizatzen. Orduan hartzen du benetako balioa etenaren aurreko jardun luze eta trinkoak, orduan estimatzen duzu dagokion neurrian hainbesteko pasioz bizi izanikoa.

Elkarrizketatzaileak, galdegileak, lortu gabeko txapelaz mintzo zaizkit. Neuk bakarrik dakit, antza, hura baino balio handiagoko gauzak lortu izan ditudala. Mattin eta Uztapideri kantatu nien, Basarri mahai baten bueltan eta Lasarte oholtzan kantu-lagun izan nituen, Lazkao-Txikirekin negar egin nuen, nire bertsoek hunkituriko entzuleak malkoei ezin eutsiz ikusi nituenÂ…

Garai beteegia izan zen edozein moduz gogoratzeko, iraganeko huskeria bat balitz bezala. Eta, aldi berean, hustasun handiegia eragin zidan berriz itzuliko naizela pentsatzeko. Nolanahi ere, izen hori inoiz baino merkeago lortzen den garaiotan, ezer banaiz horixe naiz, bertsolaria.

Xabier Euzkitze