Etxezarreta irakurketaz kezkatuta

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko mai. 16a, 14:05

Argia astekariko 2.040 zenbakian Ramon Etxezarretak apirilean ospatu zen Liburuaren Nazioarteko Eguna mintzagai hartuta, komunikabideetan atera diren datuen, irakurketa zerbitzu publikoen eta eskoletako liburutegien inguruan duen kezka azaldu du.

Irakurketaren inguruko kezkak

Liburuaren nazioarteko egunaren aitzakiarekin, apirilaren 23aren bueltan, gauza ugari esan ote den nago. Hori izan da behintzat nire errezeloa, bestetan baino gehixeago aritu ote diren gure inguruko komunikabideak gaiari buruz, bestetan baino ahalegin handixeagoa egin ote duten guztiek kontuari oihartzuna -oihartzun egokia- emateko eta aspaldiko kezkak sortu zaizkit.

Mezu ezkor eta ilunak izan dira nabarmenenak. Ez dakit ordea nabarmenenak izan diren egokienak edo eragin dituzten burutazioak diren bide okerrera joaten laguntzen digutenetakoak. Edozein kasutan garbi daukat beste mezu eta eztabaida batzuk ezinbesteko ditugula liburu eta irakurketa kontuetan bidean aurrera egin behar badugu. Euskal Editoreen Elkarteak eman digu lehen nota: orain bost urte liburu ale bat bera ere irakurtzen ez zuten euskal herritarrak ehuneko hogeitabat baldin baziren, egun -editoreek beraiek eskuartean jartzen dizkigunetatik- ehuneko hogeitamaika omen dira ale bat bera ere begien aurrean jartzen ez dutenak.

Min ematen du, behintzat niri, hori jakiteak. Eta min gehiago oraindik -eta ez dut esan nahi zer ikusi zuzenik izan behar duenik, baina kasua hor dago- Euskal Autonomia Erkidegoa jotzen baitut Espainiako atzeratuena -azpigaratuena- irakurketa zerbitzu publiko eta erakundeen honekiko konpromiso ekonomikoari dagokionean.

Kezkak jarraitu egiten du eskola liburutegi bat zer den ez dakigun Euskal Herriko alde honetan. Garrantzi gutxi, edo batere ez, ematen zaio instalazio honi gure irakaskuntza -kukurrukuaren esanera- hain aurreratua eta aurrerakoia omen den honetan. Eskolak liburutegirik gabe garatu baldin badaitezke, harrigarri da ehuneko hogeitamaika bakarrik izatea liburu bat bera ere irakurri nahi ez duten herritarren kopurua. 

Kezka kezkago bihurtzen da gure Hezkuntza Sailak Espainiako Gobernuaren dirulaguntza bati bigarren urtez jarraian uko egin diola jakitean, ez Espainiatik ezer nahi ez izateagatik, baizik eta gure eskola liburutegiak ondo egonik laguntza behar ez izateagatik.

Ez dauka kontuak kontsolamendurik okerragorik ere esan baldin baliteke ere. Jaurlaritzak liburuari ematen dion dirulaguntza editoreen bidez bideratzen da gehienetan argitalpen bakoitzetik hainbesteko bat erosiz gero herrietako liburutegietan banatzeko. Banaketa hori urtean behin egiten da, eta horrek esan nahi du zenbait herritako liburutegietan -kontuan izan batzuek zenbait familia ekonomiak baino aurrekontu gutxiago dutela liburuen erosketetarako- nobedade literarioak, euskarazko nobedadeak, urte bete pasako duela herritarraren eskuetara iristen.

Ez da hau zergatia izango baina zerikusian ttantta bat bai agian. Bien bitartean liburu-dendariak ere atera dira iazko erdia saldu dutela esanaz. Ez dakit esaten duten soil horretatik harantzago ezer esan nahi zuten, nik baietz uste. Liburu kontuetan alarma mezuak botatzen direnean kezka ekonomiko soila besterik ez baldin badago ere azpian, kultur kezka bat, herri kezka, kezka dotore eta sakon bat adierazi nahi izaten delakoan nago.

Zer esan? Liburuak kalera ateratzeko igandea txarra dela esanaz, eguraldi txarra duen ostiral batera aurreratzen baldin bada, helburu nagusia turistei liburuak saltzea bada, igande batean libururik erosi ezin bada... Iparraldera joan besterik ez dago zenbat liburu salgai dagoen ikusteko, zigarro pakete bat baino merkeago -han tabakoa garestiago-.

Zer esan? Eskola liburuak maileguzko eta doaneko izan behar dutela entzundakoan euskal kultura pobretzen dela entzuten denean. Egileek eskubideak eskatzen dituztela beren obren mailegu publikoagatik irakurtzen denean.

Hitz gutxiago eta ekintza serioagoak mereziko genituzke, batez ere geure buruari sartzen dizkiogun gezurrak hain gezur izan ez daitezen euskal kultura triste honetan.