Duela 25 urte Realak...

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko api. 26a, 18:04

Gaur (apirilak 26) 25 urte irabazi zuen Realak lehen aldiz 1980-1981eko Espainiako futbol Liga, Gijonen 2-2 berdinduta, eta ekipo hartan zen azpeitiar bat: Juan Antonio Larrañaga. Hain zuzen, partidu hartan jokatu egin zuen; 80. minutuan zelairatu zen, Genaro Zelaietaren partez. Gogoan dauka Larrañagak garai hura: "Euskal Herrira iritsi aurretik ez nintzen ohartu egindakoaz; harrera ahanztezina izan zen", dio gaur komunikabide batean.

Realak 1981-82 denboraldian ere irabazi zuen Liga. “Nik bigarrengoarekin gozatu nuen —zioen Larrañagak 2004ko urriko Uztarria aldizkarian—, lehenengoan azken hamar partidak jokatu nituelako eta bigarrengoan denak". Lehen aldiz irabaztean, "hona etorri eta jendeak nola ospatu zuen izan zen ederra. Ez zen izan Liga irabaztea bakarrik. Aurreko Liga nola bukatu zen kontuan izanda [azkenaurreko partidan, Sevillan], jendea sentimendu hura kanpora ateratzeko gogoz zegoen. Ez dut inoiz ikusi eta ez ikusiko horrelakorik”.

Garai hark bazuen zer ospatua ere, frankismoaren ondorengo egoera eta gatazka politikoa gogorra zelako, baita askorentzat itxaropentsua ere. “1980-1981ekoak osagai guztiak zituen. Politikoki ere ez zen erraza Realak Liga irabaztea. Gainera, guk bi urtean lortu, eta segidan beste bitan Athleticek irabazi zuen”.