Ekainaren 10eko giza katea

Zertarako erabaki?

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gure Esku 2018ko eka. 6a, 13:52

Herritar ugari ari da bat egiten iganderako Gure Esku Dagok antolatu duen giza katearekin. Herriko hainbat arlotako lagunek erabakitzeko hainbat arrazoi plazaratu dituzte, eta Azpeitiko Gure Esku Dagok bideoa egin du horien adierazpenekin.

Dagoeneko 1.100 lagunek baino gehiagok eman dute izena Azpeitian igandeko giza katerako, baina oraindik ere eman daiteke izena. Hain zuzen ere, Gure Esku Dagoko kideak Azoka Plazan izango dira egunotan, 17:30etik 20:00etara. Larunbat goiza izango da izena emateko azken eguna, eta GEDko kideak 10:00etatik 13:00etara izango dira Azoka Plazan.

Giza katera autobusez joatea gomendatu du GEDk, eta autobusak 09:30ean aterako dira anbulatorio aurretik. Bi aukera daude joan-etorria autobusez egiteko: giza katera joan eta amaitzean Azpeitira itzuli (zazpi euro ordaindu behar da); eta giza katera joan eta bukatzean Donostiara joatea (hamar euro ordaindu behar da). Izan ere, Donostian izango da Gipuzkoako jaigunea. Autobusean joan nahi dutenek ahal bezain pronto eman beharko dute izena.

Kotxez joateko aukera ere izango da, antolakuntza aparkalekuak antolatzen ari baita. 32. eta 33. kilometroetan egotea egokitzen zaien herritarrek Indaux lantegiaren aparkalekuan utzi beharko dute autoa; han 150 autorentzat tokia izango da. Gune hori betetzen bada, Askizu-San Prudentzio inguruan aparkatu beharko dute autoek. 34. eta 35. kilometroetan egongo diren lagunek, berriz, Zumaiatik Santio hondartzara bitarteko aparkalekuetan edo Zumaian utzi beharko dute autoa. Autoz doazen lagun guztiei Zumaiatik joatea eskatzen zaie; izan ere, autobus guztiak beste aldetik etorriko dira.

Giza katea 12:00etan hasiko da, eta azpeitiarrek Zumaia eta Getaria arteko errepidean 32, 33, 34 eta 35 kilometroetan egon beharko dute. Gure Esku Dagok herritarrei 10:30erako dagokien kilometroan kokatzeko deia egin die.