"Guztion ardura da euskal selekzioa izatea"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gure Esku 2014ko urt. 31a, 16:15
Ezkerretik eskubira, Zarrabeitia, Errekondo, Ertxin, Iribar, Karrere eta Irizar.

Atzoko (osteguna) mahai-inguru goxoak eman zion hasiera erabakitze eskubidea ardatz duen hitzaldi zikloari. Mahai-inguru interesgarria, zinez. 70 lagun inguru bildu ziren Xabier Mikel Errekondok, Reyes Karrerek, Markel Irizarrek, Mikel Arregi Ertxin-ek eta Beñat Zarrabeitiak, Arritxu Iribar moderatzaile zutela, osatzen zuten mahaiaren bueltan.

Jendearen artean ziren Mikel Aranburu, Mikel Labaka eta Nuarbeko Sokatira Taldeko kideak ere; beste hainbat entzuleren interbentzioez gain, euren iritzia adierazi zuten.

"Guztion ardura da euskal selekzioa izatea"

Adostasuna hizlari guztien artean. Euskal Herriak selekzio propioa izatea guztion ardura da. Eta ardura horren baitan elkar elikatuko luketen hiru plano bereizi beharko lirateke, Reyes Karrereren hitzetan. Plano politikoa hasteko, Federazioek jokatu beharreko rola bigarrenik eta kirolarien planoa hirugarrenik. Hiru plano horiek gizartearen presioarekin nahiz babesarekin osatuak. Horren harira, Errekondok gizartearen indarra aipatu zuen. "Gizarteak klase politikoari aurre hartu eta bere aldarrikapenak, eremu politikoarentzat betebehar izatea lortu behar du".

Eremu politikoak sukalde lan sakona luke egiteko; eta, noski, horretarako euskal indar abertzaleen arteko adostasunak nahitaezkoak dira. Federazioei dagokienez, hasteko, kirol eremu bakoitzeko nazioarteko federazioetako kide izateko eskaera luzatu beharko lukete. Oraindik orain, eremu askotan, futbola kasu, eman ez den pausoa. Kirolariek ere, nola ez, protagonista izan behar lukete esparruko aktore nagusi diren heinean.

"Kirolari aurretik pertsona gara. Baloreak eta sentimenduak ditugu"

Kirolariek jokatu beharreko rolaren inguruan aritu zen publikotik Mikel Labaka futbolari ohia. Labakaren esanetan, "aurrera egingo bada, kirolariek ezinbestean euren alea jarri behar dute". "Kirolari aurretik pertsona gara. Baloreak eta sentimenduak ditugu". Horrekin, erantzuna eman nahi izan zien kirolariek euren kirola praktikatzera mugatu behar dutela esaten duten horiei.

Markel Irizarrek, kirolari bezala, autokritika egin eta ausardiaren beharra aipatu zuen: "Norbere interesak gailentzen ditugu kasu askotan, aldarrikapen kolektiboak ahaztuz. Orain da momentua ausartak izan eta publikoki gure iritzia adierazteko".

"Kirolak Gure Esku Dago ekimenarekin bat egin beharko luke"

Mikel Aranbururen hitzetan, kirolariek babes nahikoa dute bai Espainiako bai Frantziako selekzioetara lasaitasunez joateko. Ez dute, ordea, euskal selekziora joateko aukerarik eta euskaldun gisa funtzionatzeko aukerarik kirol eremuan. Gure Esku Dago ekimena ere aipatu zuen: "Kirolak Gure Esku Dago ekimenaren dinamikarekin bat egin eta kirol eremuan nahiz euskal gizartean euskal selekzioaren aldeko iritzi korrontea sortu eta artikulatu behar du".

"Aurrera ez doana, atzera doa", baina aurrera begira baikor

Hizketaldia egungo errealitatearen inguruan han bildu zirenek duten ikuspuntuarekin amaitu zen. Ados zeuden guztiak edo adostasuna nagusitu zen. Azken hamarkadetan, euskal kirolak bizi izan duen egoera eta egungoaren artean desberdintasun handirik ez dago. Hala ere, baikortasuna behar dugu aurrera begira.

Haien hitzetan posible da selekzio propioa izatea. Eta argi utzi behar da, selekzio propioa izateak ez duela ezinbestean estatu propioa izatea exijitzen. Izan ere, erabakia ez dute Espainiak eta Frantziak. Kirol bakoitzeko nazioarteko federazioen estatutuen baitan oinarritzen da erabakia. Ez da posible soilik teorikoki, praktikan ere posible da. Egin daitekeela baieztatzen dute estaturik gabeko nazioak diren eta selekzioa propioa duten Gales, Eskozia nahiz Feroe Irlen inguruko aipamenak izan ziren hitzaldian.

Era berean, Beñat Zarrabeitia kirol kazetariak selekzioari orain artean, askotan, eman izan zaion eremu mugatuaren inguruan hitz egin zuen. Bere esanetan, "badirudi, orain artean, futbola eta gizonezkoen futbola soilik izan dugula buruan euskal selekzioaz hitz egitean". Eta selekzioak izan beharreko izaera transbersala azpimarratu zuen.