Ezker abertzaleak atxikimendua adierazi nahi dio larunbaterako Corrugados Azpeitiako langileek deitutako manifestazioari

Erabiltzailearen aurpegia Ezker Abertzalea 2012ko ira. 6a, 13:12

Corrugados Azpeitiako langileek deitutako manifestazioa zapatuan, hilak 8, izango da, 12:00etan plazatik abiatuta.

Larunbat honetan 87. eguna izango dute Greban, Corrugados Azpeitiako langileek. Egun horretarako mobilizazioa deitua dute. Beste ezer baino lehen, ezker abertzaleak bere babesa eta animoa helarazi nahi dizkie borrokan diren langileei eta euren hurbilekoei. Azpeitiarrak berriz, manifestazioarekin bat egitera animatzen ditugu.

Hau ez baita, gertaera isolatua. Azken hilabeteetan, dozenaka izan dira antzeko egoeretan aurkitu diren herritarrak. Kasu batzuek oiartzun handia izan dute herrian, langile asko zuzenean kolpatzen zituztelako bereziki, Corrugados Azpeitiarekin gertatzen ari den bezala. Baina ezin ahaztu, tantaka-tantaka, etengabe, lanik gabe geratu diren herritar asko ere badirela, enpresa txikietan, merkataritzan, etab. INEMeko uztaileko datuen arabera, 844 azpeitiar zeuden erregistratuta langabeen zerrendan. Zifra ikaragarria inondik ere, eta are ikaragarriagoa, kontuan hartzen badugu hainbat sektoretan bizi den prekarietate estrukturala: lehen sektorean, sektore erreproduktiboan etab. Gainera, guzti honi, Madriletik inposatzen zaizkigun neurriak gehitu behar dizkiogu, hala nola, BEZaren igoera, murrizketak sektore publikoan...

Bada garaia ordea, Madril eta Europara soilik begiratzeari utzi, zifrak gainditu eta herritarren errelitatean zentratzeko. Ezker abertzalearen ustez, erantzun dinamika indartzen jarraitu beharra dago, Herri moduan antolatuz eta borrokatuz, okerren pasatzen ari direnen ondoan egonez, elkartasuna indartuz. Hori da dugun zereginetako bat. Horregatik izango gara larunbateko mobilizazioan eta aktiboki parte hartuko dugu irailaren 26ko Greba Orokorrean ere.

Bestalde, bizi dugun garaiak erantzuteaz gain, bide berriak urratzea eskatzen digu. Askotan aipatzen da, Euskal Herriko egoera, espainiar Estatukoa baino hobea dela, besteak beste industriaren sektoreak duen indarragatik. Baina zer ikusten da Azpeitiko errealitateari erreparatzen badiogu? Industria sektorea, ein handi batean, egurrera eta altzarietara bideratua dago. Ezin ahaztu, Corrugados Azpeitia bera eraikuntzari lotuta dagoela, beste hainbat eta hainbat herriko enpresa erreferenteren moduan. Hori da aurrean dugun errealitate gordina.

Horregatik, ezker abertzalea ez dago geldirik, egoeraren diagnostikoa burutzen ari da, herritarrekin batera ataka honetatik ateratzen lagunduko duen bide berri bat marraztu eta ibiltzen hasi behar garela uste baitugu. Badakigu, mugatuak direla herri edo eskualde mailan, egoera honi aurre egiteko ditugun lan tresnak, baina horrek ez gaitzala ostrukarena egitera eraman, egin dezagun gutxienez, gure esku dagoena. Zeregin horretan buru belarri murgilduko gara, dagokion ardura bere gain hartuko du ezker abertzaleak. Hori izango dugu bigarren egitekoa.

Bien bitartean, ezinbestekoa da egoerarik gogorrenetan daudenei babesa emateko, zerbitzu sozialak indartze bidean urratsak ematea. Ezin dugu onartu, murrizketen aitzakian, atzerapausorik oinarrizko eskubideetan. Herri gisa aritzeko garaia da.